Arroabeko bidegurutzean biribilgunea egiteko lurrak emango dizkio Zestoako Udalak aldundiari

Zestoako Hitza 2018ko uztailaren 3a

Zestoako udalbatzarrak Cementos Rezola lantegiarena zen lur zati bat lagatzea onartu du. Orain, aldundiaren esku dago proiektua garatzea eta martxan jartzea.

Arroabeko bidegurutzea. (Mailo Oiarzabal) Zestoako Udalak lur zati bat Gipuzkoako Foru Aldundiari lagatzea onartu zuen joan den osteguneko osoko bilkuran, aldundiak Arroabeko bidegurutzean biribilgunea eraikitzeko proiektua gauzatu dezan. Hain zuzen ere, Cementos Rezola enpresa egon zen orubearen zatia da udalak aldundiari utziko diona, bidegurutzearen ondoan. Arroabean biribilgunea egiteko eskaera aspaldiko kontua dela azaldu du Josetxo Mendizabal alkateak. "Hamar bat urte izango dira, igoal, bidegurutze horretan trafikoa zuzentzeko biribilgunea jartzea eskatzen ari garela, dagoen bezala bidegurutze arriskutsua delako", dio. Biribilgunea egin ahal izateko arazoetako bat espazio falta zela argitu du Mendizabalek. "Beharrezkoa neurria emateko nahikoa toki ez zegoen, nonbait". Horregatik utziko dizkio lurrak udalak aldundiari. Zestoa aldetik datorren GI-631 errepideak tarte horretan Zumaia eta Deba lotzen dituen N-634 errepidearekin bat egiten du Arroabean. Zestoa aldetik Zumaia alderako bidea hartu nahi duten ibilgailuentzat da bereziki arriskutsua bidegurutzea, ikuspen murriztua dutelako GI-631etik N-634ra sartu nahi duten gidariek. Errepide sarearen antolakuntzan, kasu horretan, N-634a da errepide nagusia eta GI-631a, berriz, bigarren mailakoa; horregatik dute lehentasuna zati horretan Zumaia eta Deba lotzen dituen errepidea darabilten ibilgailuek. Gaur egun, ordea, trafikoaren bolumena nabarmen handiagoa da Zestoa eta Zumaia artean, bi noranzkoetan, Zumaia eta Deba artean baino: egunean 9.000 ibilgailuk erabiltzen dute bidegurutze hori Zestoatik Zumaia aldera edo Zumaiatik Zestoa aldera joateko, batez beste; aldiz, 4.000 dira tarte berean Zumaia-Deba edo Deba-Zumaia bidea egiten dutenak. Aldundiaren esku Zestoako Udalak ostegunean hartutako erabakiarekin, inoiz baino gertuago dago Arroabean biribilgunea eraikitzea, udalean epeetaz hitz egiteko goiz dela uste duten arren. Alkateak azaldu duenez, "proiektuaren espedientea osatzeko falta zen azken pausoa" eman du udalak Cementos Rezola zenaren orubeko lurren zesioarekin, eta orain aldundiari dagokio hurrengo urratsak egitea, espedientea tramitatuz eta lanak egiteko prozedura martxan jarriz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide