Jendetza elkartu da Zestoan atxilotutako herrikidea babesteko eta operazioa salatzeko

Urola Kostako Hitza 2018ko eka. 29a, 11:15

Jendetza handia irten zen kalera atzo arratsaldean Zestoan, iazko Gudari Egunari lotuta eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, terrorismoa goratzea egotzita atzo Guardia Zibilak atxilotu zuen herrikidea babesteko eta polizia operazioa salatzeko. Operazio horren barruan, EHUren Gasteizko campusean sartu zen atzo goizean, eta hiru lagun atxilotu zituen, tartean Zestoako gazte bat, Azpeitian; Gasteizera eraman zuten, eta han kuartelean ordu batzuetan atxikita izan ondoren, aske utzi zuten, atxilotutako beste bi lagunak bezala. Atxiloketen kontrako eta ikasle mugimenduaren aldeko mezuak zabaldu zituzten egunean zehar hainbat eragilek; Zestoako Udalak ere aho batez onartu zuen atzoko udalbatzarrean EH Bilduk atxiloketen gainean aurkeztutako mozioa. Idatzian, "Manex Odriozola Goikoetxea eta beste gazteen berehalako askatasuna" eskatzen dute, "Espainiako indar okupatzaileak Euskal Herritik kanporatzea exijitzea" ere bai, eta atxilotua izan den herrikidearen "egoeraren jarraipen zuzena" egitea. Iluntzean, ehunka lagun batu zen Zestoan deitua zuten mobilizazioan. Memoria ez da delitua. Ikasle mugimendua aurrera zioen pankartaren atzean jarrita, elkarretaratzea egin zuten lehendabizi plazan. Handik abiatuta manifestazioa egin zuten gero, eta plazara itzulita, atxilotua izan zen gazteak hartu zuen hitza, bizitako esperientzia herrikideei azaltzeko eta jasotako babesa eskertzeko. Txalo zaparrada batekin erantzun zuten plazan elkartutakoek, "alde hemendik, utzi bakean oihu artean". Hona hemen, Zestoako mobilizazioaren irudi batzuk: Azpeitian ere elkartasuna Zestoakoaren aurretik, arratsaldean Azpeitian ere egin zuten atzoko atxiloketak eta operazioa salatzeko elkarretaratzea. Dozenaka lagun batu zen plazan, Azpeitiko Ikasle Abertzaleakek eta Azpeitiko Gaztetxeak deituta. Ikasle mugimenduaren aldeko babes mezua ere igorri zuten atzoko elkarretaratzean, eta elkartasuna erakutsi zieten atxilotutako gazteei, plazaratu zuten irakurketan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide