Mikel Ibarguren: "Ofizio honetan umeekin ardura bat badudala sentitzen dut"

Ane Olaizola 2018ko ekainaren 29a

Eromen Produkzioakeko 10 eta 13 urte arteko gaztetxoek 'Errege gaua' obrarekin itxiko dute bihar, 18:00etan, Zestoako Antzerki Astea. Mikel Ibargurenek zuzendu du umorez betetako lana.

Mikel Ibarguren. (Hitza) Zer ikusiko dute bihar Zestoako kultur aretora gerturatzen direnek? Anai-arreba batzuk bidaiatzen ari ziren itsasontziak istripua izan zuen. Ezbeharraren ostean, arrebak uste du anaia hilda dagoela, eta anaiak arreba zendu dela. Biak bizirik daude, baina bakoitza bere bizitza egiten ari da, eta obran ikus daiteke oso desberdinak diren bi unibertso elkartzen joaten direla. Shakespeareren obra da oholtzaratuko duzuena. Antzezlana nola egokitu duzue umeentzat? Amancayk [Gaztañaga] duela lau urte itzuli zuen obra, eta umeek antzezteko polita zela iruditu zitzaidan. Haientzako egokitu nuenean, hasieran izututa nengoen, ez nekielako halako obra bat haurrek nola hartuko zuten. Entseguetan izerdi mordo bat atera dut, baina azken asteetan umeak izugarri hazi dira; bilakaera handia eman dute. Uste dut etorkizuneko Antzerki Astea beraien esku egongo dela, eta pozgarria da hori. Beraiek izango dira Eromen taldeko aktore berriak, eta niretzat plazera da harrobi hori lantzea. Espazio hutsa deritzon teknika landu dugu antzezlana mamitzeko. Beraz, ez da egongo eszenografiarik, eta argiarekin sortuko ditugu espazioak. Hitchcock zinema zuzendariak esan zuen umeekin eta zakurrekin lana egitea baino gauza okerragorik ez zegoela. Zure kasuan, nolakoa izan da esperientzia? Animaliekin lan egitea suertatu zaidanean, oso esperientzia txarra bizi izan dut, grabaketetan buruhauste handia ematen dutelako eta beldurtia naizelako. Umeekin, ordea, bestelakoa da; antzeztea jolas moduan hartzen dute. Egia da grabazio luzeetan ez dakizula umearen jarrera nolakoa izango den, baina umeekin izan dudan esperientzia zoragarria izan da. Aktore onak al dira umeak? Hirugarren urtez gidatu dut talde hau, eta harrituta nago aurten egin duten aurrerapausoarekin. Prest eta gogotsu daude, eta dagoeneko ari dira hurrengo ikasturtearekin pentsatzen. Umeei antzerkia erakustea baino, haiek taula gainean eroso sentiaraztea da nire lana. Askotan, antzerkian ari zarenean, testua ematen dizute eta hurrengo egunerako ikasi behar duzu. Baina ez zait gustatzen antzerkia erakusteko modu hori; alderantziz egiten dut nik: pertsonaiak sortu ondoren egiten dugu testua. Lan egiteko modu hori lagungarria da umeentzat, zerbait esatea baino garrantzitsuagoa delako esaten denaren zergatia. Umeek itxiko dute Zestoako Antzerki Astea aurten. Haiei protagonismoa eman nahi izan al diezue? Uste dut egutegian hala egokitu delako izango dela haien emanaldia azkena. Dena den, etorkizunera begirako keinua izango da, Eromeneko etorkizuneko kideak haiek izango direla ikusaraziko baitugu. Umeekin lan egin ondoren, Zestoan antzerkigintzan harrobia badagoela uste al duzu? Baietz uste dut. Pozgarria iruditzen zait umeei antzerkia ikasteko aukera ematea. Ohiko jarduerez gain, ate berriak ireki dizkiegu, eta aukera berriak ematea oso polita da. Oso gaztea naiz ni, baina aktore lanak egiten ditut, eta ofizio honetan beraiekin ardura bat badudala sentitzen dut. Biharko antzerki emanaldirako sarrera guztiak agortuta daude. Espero zenuten halako harrera izatea? Uste dut umeen emanaldia ere ordainpekoa jarri beharko dugula hurrengo urtean. Izan ere, doakoa izanik, errazena da sarrera horiek eskuratzea. Zestoan urte osoan ez da ezer programatzen, eta aste hau magikoa izaten da. Oso ondo erantzuten du jendeak, eta, hein batean, espero genuen sarrerak agortzea. Lehenengo aldiz aritu zara umeentzako obra luze bat zuzentzen. Zer ikasi duzu? Iaz, hamar minututako obra txiki bat zuzendu nuen, baina aurtengoa serioagoa izan da. Antzezlana zuzentzen duenak erantzukizun handia duela ikasi dut. Agertoki gainean antzezten zaudenean, uste duzu egiten ari zaren horrek ondo funtzionatzen duela, baina batzuetan ez da hala izaten. Kanpoko begiek ikusten dute osotasunean zer ari den gertatzen, eta horretaz jabetu naiz zuzendari lanetan ari nintzela. Taldea koordinatzen ere ikasi dut; izan ere, ume bakoitzak zer sentitzen duen entzun eta emozio horietatik hasten ginen jolasean. Zer beste proiektu dituzu esku artean? Bi antzerki proiektu zoragarrirekin hasiko naiz laster, eta bi film independentetan ere lan egingo dut. Horietako bat aurten hasiko gara grabatzen, eta lasai joango da prozesua, aurrekontu oso txikia duelako; hemen inguruan gertatutako istorio bati buruzkoa da lana. Ez dakit biharko egunean umeei eskolak ematen jarraitu ahal izango dudan, baina gustatuko litzaidake. Ofizioaren parte dela uste dut, eta asko betetzen nauen gauza da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide