Jon Uria: "Bata edo bestea, edozein partida epaitzen aritzen naiz ni gustura"

Urola Kostako Hitza 2018ko ekainaren 27a

Iraetarrak bederatzi urte daramatza esku pilotako epaile lanetan. Jaialdietan hasitako bidea urratuta, profesionalen partidetan ere aritzen da lanean. Frontoian eroso sentitzen dela nabari zaio.

Jon Uria (Kris Fernandez) Pilotarekin lotura estua du txikitatik Jon Uriak (Zestoa, 1984). Urteak daramatza epaile lanetan, eta aurtengo Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan ere aritu da zeregin horretan. Zapatuko finalaren atarian, Iraetako frontoian hartu du UROLA KOSTAKO HITZA. Zeintzuk dira pilotari lotuta dituzun lehen oroitzapenak? Txikitakoak dira gehienak. Izan ere, Iraetan, frontoia etxe aurrean izan dut betidanik, eta bertan hazitakoa naizela esan dezaket. Beraz, pilotan asko jokatutakoa zara, ezta? Bai, txiki-txikia nintzela hasi nintzen, eta kadeteetara arte jokatu nuen pilotan. Eta gero epaile. Nolatan hasi zinen lan horretan? Herrian hasi nintzen epaile lanetan. Festetan jokatzen ziren txapelketetan laguntzen hasi nintzen, eta gero, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketarako taldea osatzen zuenez Zestoak, horiei ere laguntzen hasi nintzen. Asier Lizaso zestoarrak galdetu zidan gustatuko al litzaidakeen epaile lanetan aritzea, bazekielako atsegin nuela. Baietz esan nion, eta dagoeneko bederatzi urte daramatzat epaile lanetan. Nola erabakitzen dute nork epaituko dituen partidak? Gipuzkoako Pilota Federazioak eskualdeetako zerrendak egiten ditu. Azkoititik Zarautzera bitarteko epaileen zerrenda bat du, eta zerrenda horretatik aukeratzen dituzte partidetarako epaileak. Bestalde, Aspe eta Asegarce enpresek ere badituzte zerrendak, eta horiek ere hautatzen dituzte epaileak. Profesionalen partidetara saltoa ere eman duzu. Bai, hala da. Orain lau urte hasi nintzen profesionalekin lanean. Lehen jaialdiak egiten nituen, eta orain txapelketak, torneoak eta Herriartekoak ere bai. Lotura handia al da asteburuetan partidak izatea? Bai. Partidak ostegunetik igandera jokatzen dira, eta zaindu egin behar duzu, partidetan gauzak ondo egiteko. Hasieran, kostatu egiten da ohitzea, eta asko eragiten du norberaren izaerak; pertsona lasaia bazara, errazago egokitzen zara egoerara. Nik oso gustura egiten dut epaile lana. Ba al duzu partida zehatz bat epaitzeko ametsik? Ez nuke bereziki bat esango; bata edo bestea, edozein partida epaitzen aritzen naiz ni gustura. Gainera, orain arte epaitzeko aukera izan ditudan partidekin konforme nago; era guztietakoak izan dira. Pilotaleku bat hautatzekotan, zein? Donostiako Atano III.a pilotalekua. Eta pilotari bat hautatzekotan? Gaur egun, Altuna esango nuke. Larunbatean jokatuko dute Azpeitiak eta Ataunek Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren finala. Faboritorik ba al duzu? Azken urteetako eta aurtengo ibilbidea ikusita, Azpeitia. Oso maila ona erakutsi dute pilotariek, batik bat, Alberdi anaiek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide