Zestoako Alonderoneko igogailuaren lanak, azken fasean

Zestoako Hitza 2018ko ekainaren 26a

Datorren astean hasiko dira igogailua eta Portale kalea lotuko dituen pasarela jartzen. Bitartean, hiritartze lanak egiten ari dira.

Igogailuaren egitura eta inguruko lanak, joan den asteburuan. (Ihintza Elustondo) Zestoan Zubimusu eta Idiazpi kaleak Portale kalearekin lotuko dituen igogailuaren lanak azken fasean sartuta daude. Igogailua kokatuko den hormigoizko egitura bukatuta, azken asteotan inguruaren hiritartzea osatzeko lanak egiten hasi dira. Igogailuak saihesten lagunduko duen aldapa eta hango espaloiak txukuntzen hasi dira, besteak beste; aldapa hori oinezkoentzat izango da aurrerantzean. Era berean, obrak bukatu ahala, igogailua egiteko kendu zuten aparkatzeko tokia lehengoratu egingo dute; uztail erdi alderako berriro erabiltzeko moduan izatea aurreikusten du udalak. Uztaileko lehen astean hasiko dira jartzen, Alondero eraikinaren kontra, igogailutik Portale kaleraino iritsiko den pasarela, eta igogailua bera jartzea izango da azken pausoa. Igogailua martxan noiz egongo den ez du zehaztu oraindik udalak, baina abuztuan izatea espero du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide