IX. Ekainfest ari dira ospatzen gaur Zestoan,
Bizi historiaurreraren xarma lelopean. Ekaingo eta Sastarrain bailarako ondarea oinarri hartuta, historiaurrera jauzi egitea proposatuz etorri da aurten ere Ekainfest, duela 14.000 urte inguru horretan bizi zirenen egunerokoaren jarduerak eta ohiturak gaur egungo zestoarrei zein bisitariei gerturatzeko; bide batez, Zestoako ondare historikoa eta kulturala ezagutzera emateko aukera ere bada Ekainfest.
Goiz partean, historiaurreko jarduerak egin dituzte Ekainberrin eta Sastarrain bailaran, eta, antolatzaileen arabera, espero baino jende gutxiago bertaratu bada ere, zenbait haur eta heldu gustura aritu dira jolasean: sua egiten ahalegindu dira batzuk, besteak bitxiak egiten aritu dira, geziak botata animaliak ehizatzen beste hainbat lagun... Horrez gain, bisita gidatuak izan dira Lili jauregia, Ekainberri eta Sastarrain baserri eskola ezagutzeko. Gainera, txu-txu trenean ibiltzeko aukera ere izan dute bertaratu direnek.
Arratsaldean ere jarraituko du festak. Besteak beste, Historiaurreko Olinpiadak egingo dituzte, 16:00etan hasita. Hori amaitzean, hainbat ekintza izango dira Zestoako herrigunean.
Zestoako Turismo Mahaia osatzen duten eragileak dira Ekainfesten antolatzaileak: Ekainberri, Sastarrain baserri eskola, Zestoako Udala, Zestoan merkatari elkartea, tabernariak eta Zestoako Bainuetxea.
EGITARAUA
Ekainberrin eta Sastarrain bailaran
- 11:00-19:00: Historiaurreko jarduerak.
- 16:00: Ekainberriko V. Historiaurreko Olinpiadak.
Zestoako herrigunean
- Egun guztian zehar: Ekainfest tren turistikoa, txu-txu trena.
- Egun guztian zehar: Ekainfest Pintxo Tourra.
- 18:30ean: Txapela buruan eta dantza munduan ikuskizuna.
- 19:30ean: Kale giroa Zestoako Trikitilariek lagunduta.
- 19:30ean: Parrillan prestatutako pintxoak.
- 20:30ean: Herri afaria.
- 22:15: San Joan sua, txistulariek eta dantzariek alaituta.
Hona hemen goizean Ekainberri inguruan hartutako irudiak:
[flickr_set id="72157697779819824"]