Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azpeitiko Basanderiek asanblada feministak 18:00etarako deitu du elkarretaratzea; Urrestillako festa batzordeak 19:00etarako; Zestoako Talde Feministak 20:00etarako eta Azkoitiko Sostenipe talde feministak 20:45erako.
Atzo jakin zen Nafarroako Auzitegiak baldintzapean aske utziko dituela 2016ko sanferminetako talde bortxaketagatik zigortutako bost gizonak, behin betiko epaia iritsi arte. Erabaki horren aurrean desadostasuna agertzeko eta behin behineko epaia gaitzesteko elkarretaratzeak deitu dituzte Azkoitian, Azpeitian, Orion eta Zestoan gaur arratsalderako. Basanderiek Azpeitiko asanblada feministak plazan jarri du hitzordua, 18:00etan. Urrestillako festa batzordeko kideek, aldiz, 19:00etan Urrestillako plazan. Orion 19:00etan abiatuko dute manifestazio zaratatsua herriko plazatik. Zestoan 20:00etan egingo dute elkarretaratzea. Azkoitian beranduago egingo dute kontzentrazioa, 20:45ean. Bost asanbladetako kideek dei egin diete herritarrei gaurko elkarretaratzeetara batu daitezen.
Urola Kostako zenbait talde feminista –tartean Basanderiek, Sostenipe eta Zestoako talde feminista– Azpeitian elkartu ziren atzo, "egunak eta gauak emakumeenak" direla aldarrikatzeko. Argazkia atera baino zertxobait lehenago jakin zuten Iruñeko sanferminetako bortxaketaren behin behineko epaiaren berri, eta atzokoan ere Nafarroako Auzitegiaren erabakia salatzeko tartea hartu zuten. Eragile feministetako kideen hitzetan, 2016ko sanfermiñetako bortxaketaren epaia "justizia ere gizonek eta gizonentzat egindako neurrira, patriarkatuaren neurrira, dagoela frogatzen duen beste adibide bat besterik ez da". Salatu zutenez, "jendartea eta sistema osoa errotik aldatu ezean, ez da parekidetasuneranzko biderik egingo".
Orion ere aldarrikapena
Orioko Xaltxerak talde feministak arratsalderako manifestazioa antolatu du. 19:00etan hasiko dute manifestazio zalapartatsua herriko plazan,"La Manada" erasotzaile taldearen auziko epaia salatzeko. Ez dago gure hitza epaituko duenik! Justizia patriarkalari su! lelopean egingo dute aldarrikapena.