Komediaren astea, hastear

Urola Kostako Hitza 2018ko ekainaren 21a

Igandean hasi eta datorren larunbatera bitartean egingo dute Zestoako Antzerki Astea. Askotariko obrak ikusi ahal izango dira. Sarrerak eros daitezke oraindik.

Zestoako Interpretazio Eskolako kideak eta alkatea. (Ihintza Elustondo) Hastear da antzerkiaz gozatzeko urtero Zestoan antolatzen duten jaialdia: Zestoako Antzeri Astea. Iaz bi asteko egitaraua prestatu zuten antolatzaileek, baina horrek eskatzen duen lan kargaz ohartuta, astebeteko egitaraua prestatu dute aurten, hasierako formatura itzuliz. Hain zuzen ere, igandean hasi eta datorren larunbatera bitartean askotariko antzerki saioak izango dira herrian. Amancay Gaztañaga Zestoako Interpretazio Eskolako zuzendaria da Antzerki Astearen sustatzaile nagusia, eta hark azaldu duenez, "komedia" izango da nagusi aurtengo edizioan. "Aurtengo asteari komedia kutsua eman nahi izan diogu, iaz obra sakonagoak-eta izan zirelako. Aurten ikusi ahal izango diren antzezlan denak dira komediak". Gaztañagak berak sortu eta zuzendutako Elurra obrak zabalduko du jaialdia. Beldurraren eta sineskeriaren inguruan hausnarketa egiten duen tragikomedia da antzezlana. Obra horretan hamalau lagunek parte hartuko dute; Zestoako Interpretazio Eskolako beteranoek, hain zuzen. "Herri txikietako kronika bat egin nahi izan dugu Elurra obran. Zer gertatuko litzateke pertsona gutxi batzuk isolatuta geratuko balira Euskal Herriko herri txiki batean, elurte baten ondorioz? Horri sineskeria gehitzen badiogu, eta, gainera, gauza arraroak gertatzen hasten badira...". Hiru egunetan ikusi ahalko da antzezlana. Bestalde, ekainaren 27an eta 28an, Moliereren Alegiazko gaixoa komedia ikusteko aukera izango da. Zestoako Interpretazio Eskolan hirugarren kurtsoan dauden ikasleak Argan gaixoaren bizitzan murgilduko dira, "baina lortuko ote dute beren burutik gaixotasuna ateratzea?". 45 bat minutu iraungo du antzezlanak, eta "komedia oso dibertigarria" dela ziurtatu du Gaztañagak. Kanpoko bi obra Zestoako aktoreek interpretatutako obrez gain, kanpoko jendeak antzeztutako lanak ere taularatuko dituzte Antzerki Astean. Ekainaren 29an, esaterako, kanpoko bi konpainia izango dira Zestoan: batetik, Atx teatroaren Tomiris obra izango da, Iñaki Ziarrustak antzeztua; eta, ondoren, hamabost minutuko geldialdiaren ostean, Agur eta Dolore, Bilboko Pabellon 6eko Antzerki Laburren Jardunaldietan Kriseilu Saria eskuratu zuen pieza. Kamikaz kolektiboaren eta Ttak teatroaten arteko elkarlanean sortutako lana da azken hori, eta, oholtza gainean, Miren Gaztañaga eta Iraia Elias izango dira; zuzendari lanetan, berriz, Gaztañaga arituko da. Aurten lehen aldiz taularatuko dituzte bi antzerki labur bata bestearen segidan. Honako gai hau du abiapuntu Agur eta Dolore antzezlanak: emakumearen papera euskal kulturan. "Zer tokitara irits daiteke emakume euskalduna artista bezala? Eta non dago bere muga?". Gaztañagaren esanetan, hausnarketa horietatik abiatuta garatu duten komedia da obra. Hogei minutuko iraupena du. Aurtengoan, haurrek itxiko dute Antzerki Astea. Hain zuzen ere, aktore gaztetxoek Errege Gaua antzeztuko dute ekainaren 30ean, Mikel Ibargurenen zuzendaritzapean. Gainera, goiz horretan, Zestoako Interpretazio Eskolako ikasleek Ander Lipusekin ikastaro bat jasotzeko aukera izango dute. Sarrerak salgai Sarrera asko dagoeneko saldu badituzte ere, gelditzen dira batzuk oraindik. Azken eguneko haurren emanaldirako sarrera guztiak agortuta daude, baina gainontzeko antzezlanetarako gelditzen dira oraindik. Zestoako Mairi dendan –estankoan– eskura daitezke sarrerak. Antzezlan guztiez gozatu nahi dutenentzat, berriz, ohi bezala, bono berezi bat prestatu dute aurten ere. Bonoak hamabost euro balio du, baina banaka erosi ahal izango dira. Sarrera bakoitzak sei euro balio du. Areto berri baten beharra Zestoako Interpretazio Eskolako kideek Antzerki Astearen xehetasunak azaltzeko egin duten aurkezpena baliatu nahi izan dute Kultur Etxeko aretoaren "egoera tamalgarriaren" berri emateko. Izan ere, han eskainiko dituzte Antzerki Asteko obra guztiak, baina aspalditik ari dira espazio berri bat eskatzen kultur arloko eragileak. Josetxo Mendizabal alkatearen arabera, udaleko Kultura batzordean erabaki dute kultur taldeei deitzen hasiko direla, mahai bat osatu eta aurtengo urtean proiektu berri bat lantzen joateko. Hona hemen egitaraua: Ekainak 24, 25 eta 26. Elurra, Zestoako Interpretazio Eskolako beteranoen eskutik(20:30). Ekainak 27 eta 28. Moliereren Alegiazko gaixoa, Zestoako Interpretazio Eskolako hirugarren mailako ikasleen eskutik (20:30). Ekainak 29. Atx teatroaren Tomiris eta Kamikaz kolektiboaren eta Ttak teatroaren Agur eta Dolore. 20:00etan hasiko da lehen obra, eta hamabost minutuko geldialdiaren ostean, bigarrena. Ekainak 30. -Goizean, Zestoako Interpretazio Eskolako ikasleek Ander Lipusekin ikastaro bat jasotzeko aukera izango dute. -Zestoako aktore gaztetxoek Errege Gaua antzeztuko dute (18:00).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide