Ekainfest, Historiaurrera festa giroan gerturatzeko aitzakia Zestoan

Zestoako Hitza 2018ko ekainaren 13a

Ekainaren 23an izango da aurtengo edizioa, bederatzigarrena. Egun osoko ohiko egitaraua San Joan suaren bueltako festarekin uztartuko dute aurten, gauean.

Ekainfesten antolatzaileak, Ekainberriko erreplikako margoak atzean dituztela. (Mailo Oiarzabal) IX. Ekainfest gerturatzen ari da, eta gaur eman dituzte antolatzaileek ekainaren 23an Bizi Historiaurreraren xarma leloarekin Zestoan egingo den egun osoko festaren xehetasunak.

Ekainberri hamargarren urteurrena ospatzen ari den urtean dator Ekainfesten bederatzigarren edizioa. Ekaingo kobazuloaren erreplika martxan jarri eta urtebetera antolatu zuten Ekaindarren Eguna, gerora Ekainfest izena hartu duen festaren lehen edizioa. Ekaingo eta Sastarrain bailarako ondarea oinarri hartuta, Historiaurrera jauzi egitea proposatuz dator aurten ere Ekainfest, duela 14.000 urte inguru horretan bizi zirenen egunerokoaren jarduerak eta ohiturak gaur egungo zestoarrei zein bisitariei gerturatzeko; bide batez, Zestoako ondare historikoa eta kulturala ezagutzera emateko aukera ere bada Ekainfest. Lehiarik gabeko olinpiada Zestoako Turismo Mahaia osatzen duten eragileak batu dira aurten ere Ekainfest antolatzeko –Ekainberri, Sastarrain baserri eskola, Zestoako Udala, Zestoan merkatari elkartea, tabernariak eta Zestoako Bainuetxea– eta egun osoko egitaraua prestatu dute. Bi gunetan banatuko dira ekitaldiak, Ekainberrin eta Sastarrain bailaran batetik, eta herrigunean, bestetik. 11:00etatik 19:00etara, Lili jauregia, Ekainberri eta Sastarrain baserri eskola ezagutzeko aukera izango dute bisitariek. Lili zein Ekainberriko erreplika ikusteko bisitak doan izango dira egun osoan; Lili ikusi nahi dutenei txanda aurrez hartzea eskatzen zaie, baina Ekainberri ikusteko ez da halakorik beharko. "Ohi baino bisita laburragoak egingo ditugu egun horretan, etortzen diren guztiek izan dezaten erreplika ikusteko aukera", azaldu du Juanjo Aranburu Ekainberriko arduradunak. Ekainberriko zelaian, gainera, Historiaurreko kanpamendua martxan izango da, hainbat tailerrekin: sua egiten ikasteko, ehizatzeko, arte labarra sortzeko edota Historiaurrean bizirauteko teknikak ezagutzeko tailerrak eta erakustaldiak egingo dituzte. 16:00etan hasita, berriz, Ekainberriko V. Historiaurreko Olinpiadak egingo dituzte, zelaian bertan. Aurten, ordea, "lehia kutsua" kentzea erabaki dute, "olinpiaden berregite bat izango da", eta ikuskizunetik izango du gehiago; Ekainberriko lantaldekoek eta aurreko urteetan olinpiadetam parte hartu izan duten hainbat lagunek egingo dute erakustaldia. Sastarrain baserri eskolan ere goiz eta arratsaldez izango dituzte ateak irekita, bisitan joan nahi duenarentzat. Tailerrak eta jokoak izango dituzte, bertako pottokekin. Gainera, bailaran goiz pasa dabiltzanek baserri eskolan bazkaltzeko aukera ere izango dute, aurrez izena emanda. Afaria eta San Joan sua, borobiltzeko Arratsaldeko azken orduan herriguneak hartuko du Sastarrain bailararen lekukoa. 18:30etik aurrera, Eidabe taldeak Txapela buruan eta dantza munduan ikuskizuna plazaratuko du, eta jan-edana nagusi izango da udaletxe azpian, parrillan egindako jakien pintxoekin aurrena, eta herri afariarekin ondoren. Sastarrainen bazkaltzeko bezala, afarian parte hartzeko ere aurrez hartu behar dira txartelak, Turismo Bulegoan edo udaletxean, hilaren 20rako; izan ere, gutxienez 80 pertsonek eman beharko dutela izena, afaria egin dadin. Bi menu emango dituzte: helduena 17 eurotan eta umeena 11 eurotan. Afariak, ondoren plazan piztuko duten San Joan suak bezala, Ekainfest borobiltzeko balioko dute, nahiz eta ez diren "propio Ekainfesten barruan antolatuta" egongo, San Joan bezperako egitarauari baitagozkio. Ekainfesten barruan propio eskainiko dute, aldiz, pintxo tourra; Mollergi, Uztapide, Txoko, Koiote, Fati eta Agustin tabernetan egun osoan izango da Ekainfesterako propio prestatutako pintxo bereziak dastatzeko aukera; Agustin tabernan, gainera, egunera egokitutako eguneko menu berezia ere eskainiko dute eguerdian. EGITARAUA Ekainberrin eta Sastarrain bailaran
  • 11:00-19:00: Historiaurreko jarduerak.
  • 16:00: Ekainberriko V. Historiaurreko Olinpiadak.
Zestoako herrigunean
  • Egun guztian zehar: Ekainfest tren turistikoa, txu-txu trena.
  • Egun guztian zehar: Ekainfest Pintxo Tourra.
  • 18:30ean: Txapela buruan eta dantza munduan ikuskizuna.
  • 19:30ean: Kale giroa Zestoako Trikitilariek lagunduta.
  • 19:30ean: Parrillan prestatutako pintxoak.
  • 20:30ean: Herri afaria.
  • 22:15: San Joan sua, txistulariek eta dantzariek alaituta.
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide