Feminismoa langile klaseko emakumeen begietatik, Feminismotik (H)asteari ekiteko

Urola Kostako Hitza 2018ko ekainaren 12a

Klase feminismoaren oinarriak solasaldiak ireki zuen atzo, astelehena, Feminismotik (h)astea egitasmoa. Nahia Santander bilbotarra aritu zen hizlari lanetan Zestoako Gaztetxean eskainitako saioan, eta Zestoako, Azpeitiko zein Azkoitiko 50 lagun inguru bertaratu zen antropologiako ikasle feministaren solasaldia entzutera. Langile klaseko emakumeek feminismoa nola bizi duten azaldu zuen Santanderrek, ia bi ordu iraun zuen hitzaldian. Hizpide izan zituen, besteak beste, klase zapalkuntza, emakume burgesen ikuskera feministak eta pribilegioak, emakumearen irudiaz kapitalismoak sortzen dituen estrategiak, feminismoak interes antagonikoak dituzten bi klaseren arteko borrokan duen rola, ekonomia politikoari kritika eta kapitalismoari aurre egiteko langile klaseak –emakume zein gizon– sortu behar dituen mekanismoak. Ostegunean jarraituko dute prestatutako ekintzekin Zestoako Gaztetxean. Hilaren 14an, emakumeei zuzendutako Gorputzari tratu onak tailerra eskainiko du Haizea Egiguren Arremanitzeko kideak, 19:00etatik 20:30era bitartean, eskola txikiko psikomotrizitate gelan.Tailer hori emakumeei zuzendutakoa da. Musika doinuekin amaituko dute egitasmoa larunbatean, Bargaztak oholtzan saioarekin. Emakumez eratutako MICE eta ON musika taldeak igoko dira Gaztetxeko oholtzara, eta kontzertuak eskainiko dituzte 22:30ean. Ondoren, DJ Turtukiñak itxiko du saioa. Hara joaten direnek, gainera, zozketa erotikoan parte hartzeko aukera izango dute. Joan zen astean iragarri zuten Feminismotik (h)astea Zestoako Txoko Feministak, Gazte Asanbladak eta Arremanitz kooperatibak. Egitasmoaren xedea da emakumeak ahalduntzeko baliabideak eskaintzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide