Altsasuko atxiloketak salatu dituzte Zestoan ere

Zestoako Hitza 2018ko ekainaren 9a

(@aittola2) Altsasuko auzian zigortutako zortzi gazteen espetxeratzea salatzeko elkarretaratzea egin zuten dozenaka lagunek atzo, ostirala, Zestoako plazan. Gazte Asanbladak deitu zuen kontzentrazioa, atxilotuak aska ditzaten eskatzeko, muntai polizialak salatzeko eta atxilotutakoei babesa agertzeko. Asteartean egin zuen Guardia Zibilak azken polizia operazioa Altsasun. Iñaki Abad, Aratz Urrizola, Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea atzeman zituen “ihes egiteko arriskua” argudiatuta. Joan zen ostiralean jakinarazi zuen Altsasuko zortzi gazteen aurkako epaia Espainiako Auzitegi Nazionalak. Zortzi gazte horiei bi eta hamahiru urte bitarteko zigorra ezarri die auzitegiak, lesioak, desordena publikoa eragitea eta mehatxuak egitea egotzita. Apirilaren 16tik maiatzaren 4ra bitartean epaitu zituzten zortzi gazteak, 2016ko urrian Altsasuko taberna batean bi guardi zibilekin izandako liskar batengatik. Epaiketan, 12 eta 62 urte arteko zigorrak eskatu zituen fiskaltzak

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide