Ekainaren 23an ospatuko dute Ekainfest Zestoan, eta egun osoko egitaraua izango du

Urola Kostako Hitza 2018ko ekainaren 8a

Historiaurreko hainbat jarduera egingo dute Sastarrainen eta herrigunean. (Julene Frantzesena) Bederatzigarren urtez, denboran atzera egin eta Historiaurrera gerturatuko dira hilaren 23an Zestoan. Izan ere, Ekainfest eguna ospatuko dute egun horretan, eta, ohi bezala, Historiaurreko jarduerak, olinpiadak eta jan-edan saioak egingo dituzte goizetik gauera bitartean. Gainera, aurten San Joan egunaren bezperan egingo dute Ekainfest, eta, beraz, San Joan sua egingo dute egitarauaren barruan. Hain zuzen ere, ekitaldi horrek itxiko du Ekainfest eguna. Azken urteetan bezala, bi gunetan banatuko dituzte Ekainfesteko ekintzak: Ekainberrin eta Sastarrain bailara inguruan eta herrigunean. Berrikuntzen artean, aurten herri afaria egingo dute herriko plazan, eta herritarrek izena eman dezakete dagoeneko, turismo bulegoan edo udaletxean. Bi menu eskainiko dituzte, bata helduentzakoa (17 euro) eta bestea gazteentzakoa (11 euro). Helduentzako menua entsalada mistoaz, iberikoez, parrillan egindako txerri saiheskiaz, askotariko tartez eta edariez (ardo beltza, zuria edo gorria eta sagardoa) osatuta egongo da; gazteentzako menua, berriz, honako hau izango da: patea, kroketak, hanburgerra, izozkia eta edaria (ura eta freskagarriak). Dena den, antolatzaileek jakinarazi dute afaria egin ahal izateko, gutxienez 80 pertsonek eman beharko dutela izena. Ikusi egitaraua, hemen: EKAINAK 23, LARUNBATA Ekainberrin eta Sastarrain bailaran
  • 11:00-19:00: Historiaurreko jarduerak.
  • 16:00: Ekainberriko V. Historiaurreko Olinpiadak.
Zestoako herrigunean
  • Egun guztian zehar: Ekainfest tren turistikoa, txu-txu trena.
  • Egun guztian zehar: Ekainfest Pintxo Tourra.
  • 18:30ean: Txapela buruan eta dantza munduan ikuskizuna.
  • 19:30ean: Kale giroa Zestoako Trikitilariek lagunduta.
  • 19:30ean: Parrillan prestatutako pintxoak.
  • 20:30ean: Herri afaria.
  • 22:15: San Joan sua, txistulariek eta dantzariek alaituta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide