Feminismotik (h)astea egingo dute Zestoan, hitzaldiez, tailerrez eta kontzertuez uztartuta

Urola Kostako Hitza 2018ko ekainaren 8a

Egitasmoaren kartela. Zestoako Txoko Feministak, Gazte Asanbladak eta Arremanitz kooperatibak antolatuta, Feminismotik (h)astea egitasmoa hasiko da datorren astelehenean, hilaren 11n, eta feminismoaz hausnartzeko eta emakumeak ahalduntzeko askotariko ekintzak egingo dituzte aste osoan zehar. Nahia Santanderrek emango dio hasiera Feminismotik (h)asteari astelehenean, 19:00etan Gaztetxean eskainiko duen Klase feminismoaren oinarriak hitzaldiarekin. Ostegunean, berriz, emakumeei zuzendutako Gorputzari tratu onak tailerra eskainiko du Haizea Egiguren Arremanitzeko kideak, 19:00etatik 20:30era bitartean, eskola txikiko psikomotrizitate gelan. Musika doinuekin amaituko dute egitasmoa larunbatean, Bargaztak oholtzan saioarekin. MICE eta ON musika taldeak igoko dira Gaztetxeko oholtzara, eta kontzertuak eskainiko dituzte 22:30ean. Ondoren, DJ Turtukiñak itxiko du saioa. Hara joaten direnek, gainera, zozketa erotikoan parte hartzeko aukera izango dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide