Altsasuko gazteen atxiloketak salatzeko elkarretaratzea egingo du Zestoako Gazte Asanbladak bihar

Urola Kostako Hitza 2018ko ekainaren 7a

Asteartean egin zuen Guardia Zibilak azken polizia operazioa Altsasun. Iñaki Abad, Aratz Urrizola, Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea atzeman zituen "ihes egiteko arriskua" argudiatuta. Gertaera horiek salatzeko deitu dute biharko elkarretaratzea.

Altsasuko auzian zigortutako zortzi gazteen atxiloketak salatzeko elkarretaratzea deitu du Zestoako Gazte Asanbladak biharko. Zestoako plazan egingo dute elkarretaratzea 20:00etan hasita.  Atxilotuak aska ditzaten eskatzeko, muntai polizialak salatzeko eta atxilotutakoei babesa agertzeko deitu dute biharko elkarreratzea gazte asanbladako kideek. Asteartean egin zuen Guardia Zibilak azken polizia operazioa Altsasun. Iñaki Abad, Aratz Urrizola, Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea atzeman zituen "ihes egiteko arriskua" argudiatuta. Joan zen ostiralean jakinarazi zuen Altsasuko zortzi gazteen aurkako epaia Espainiako Auzitegi Nazionalak. Zortzi gazte horiei bi eta hamahiru urte bitarteko zigorra ezarri die auzitegiak, lesioak, desordena publikoa eragitea eta mehatxuak egitea egotzita. Apirilaren 16tik maiatzaren 4ra bitartean epaitu zituzten zortzi gazteak, 2016ko urrian Altsasuko taberna batean bi guardi zibilekin izandako liskar batengatik. Epaiketan, 12 eta 62 urte arteko zigorrak eskatu zituen fiskaltzak. Azpeitian, Zumaian, Getarian eta Zarautzen ere salatu dituzte Altsasuko atxiloketak.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide