Hiri Antolamendurako Plan Orokorra herritarren parte hartzearekin berrituko du Zestoako Udalak

Urola Kostako Hitza 2018ko ekainaren 6a

Ekainaren 21ean hasiko da parte hartze prozesua, eta egun horretan lehenengo bilera egingo dute herritarrekin. Eragile bakoitzarekin jardunaldiak egingo dituzte, eta herritarrei inkestak egingo dizkiete, haien beharrak jasotzeko. Udalbatzak ostegunean onartu zuen parte hartze prozesua hastea, aho batez.

Zestoako Erdi Kalea. (Ihintza Elustondo) Zestoako Udalak Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) berrituko du, orain artekoa "zaharkituta" geratu delako. Udalak herritarrekin batera diseinatuko du herriko antolakuntza urbanistiko orokorra arautzen duen plan berria, eta horretarako, parte hartze prozesua hasiko du datozen asteetan, herritarrekin eta eragileekin batera. Egun martxan dagoen Hiri Antolamendurako Plan Orokorra 1995. urte ingurukoa da, eta azken urteetan udalak hainbat ahalegin egin du plana berritzeko. "Arrazoi desberdinak" tarteko, ordea, saiakerek ez dute jarraipenik izan, eta Gorka Unanue zinegotziak azpimarratu du plana eguneratzeko "beharra" dagoela. Horretarako egingo duten parte hartze prozesuak, gainera, 2006an onartutako EAEko Lurzoruaren eta Hirigintzaren Legearekin eragin zuzena du. Izan ere, lege horren oinarrizko irizpideetako bat da herritarren beharrak haien parte hartzearekin jasotzea, eta horregatik diseinatuko dute HAPO zestoarrekin batera. "Orain arte, alegazioetara mugatzen zen herritarren hitza, baina Lurzoruaren eta Hirigintzaren Legeak eskatzen du haien parte hartzeak hori baino sakonagoa izan behar duela". HAPO berria diseinatzen hasteko erredaktore taldea lanean ari da dagoeneko. Erdu enpresa ari da horretan, udalak zeregin hori enpresa hari esleitu baitio. Parte hartze prozesua, berriz, ekainaren 21ean hasiko dute, eta bederatzi fasetan egongo da zatituta. Ekainaren 21ean egingo dute lehen bilera herritarrekin, eta erredaktore taldeak bere burua aurkeztuko du. Gainera, plan berriarekin zer aldaketa egingo diren eta prozesua aurrera nola eramango duten jakinaraziko die taldeak bertaratzen direnei. Herritarrek eta herriko eragileek "Zestoa nola ikusten duten eta aurrera begira zer behar eta nahi dituzten" adierazi ahal izango dute prozesuan zehar. Eragileei dagokienez, talde bakoitzarekin jardunaldiak egingo dituzte datozen hilabeteetan, eta herritarrei, berriz, inkestak egingo dizkiete. Jasotako ideiekin diagnostikoa egingo dute gero, eta, beharren arabera, sektorez sektore tailerrak egitea eta herritarrekin elkarrizketak egitea ere aurreikusten dute. Jasotako ekarpen guztiak arautu ahal izateko, indarrean dauden lege guztiekin bat egin beharko dute herritarren eta eragileen eskaera guztiek. Beraz, erredaktore taldeak "kontrastatu" egin beharko ditu proposamen guztiak, eta horietako bakoitzari dagokion erakundearekin harremanetan egongo dira prozesuan zehar. Hori guztia egindakoan, dokumentua publiko egin eta iritziak trukatzeko tartea zabalduko du udalak, eta epea ixten denean, behin-behineko dokumentu ofiziala onartuko du udalbatzak. Dena den, azken hitza Gipuzkoako Foru Aldundiak izango du, erakunde horri baitagokio behin betiko plana onartzea. Joan den ostegunean onartu zuen Zestoako Udalbatzak HAPO berria egiteko parte hartze prozesua hastea, aho batez. Unanueren arabera, "luze" joango da prozesua, "faktore askok" eragin dezaketelako lanketa horren iraupenean. Dena den, hiruzpalau urteren buruan Hiri Antolamendurako Plan Orokor berria amaituta izatea aurreikusten du zinegotziak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide