Ekainaren 24an hasiko da Zestoako Antzerki Astea

Zestoako Hitza 2018ko ekainaren 6a

Amancay Gaztañaga aktore zestoarrak sortutako 'Elurra' obrak zabalduko du Antzerki Asteko egitaraua. Ekainaren 30ean, haurren 'Errege Gaua' antzezlanarekin, amaituko da astea. Sarrerak Mairi dendan erosi ahalko dira.

'Agur eta Dolore' anztezlana ikusi ahal izango da, besteak beste, Antzerki Astean. (Amancay Gaztañaga) Urte osoan prestaketa lanetan ibili ostean, badator Zestoako Antzerki Astea. Ekainaren 24an, igandea, hasiko da antzerkiaz gozatzeko aukera eskaintzen duen egitaraua, Amancay Gaztañaga aktore zestoarrak sortutako Elurra obraren emanaldiarekin. Beldur eta sineskeriaren inguruan hausnarketa egiten duen tragikomedia da antzezlana. Obra horretan hamalau lagunek parte hartuko dute; aktore horiek bi sari eskuratu dituzte azken urteotan. Ekainaren 26ra bitartean izango da antzezlan hori ikusteko aukera. Bestalde, ekainaren 27an eta 28an, Moliereren Alegiazko gaixoa komedia ikusteko aukera izango da. Zestoako Interpretazio Eskolan hirugarren kurtsoan dauden ikasleak Argan gaixoaren bizitzan murgildu dira; lortuko ote dute bere burutik gaixotasuna ateratzea? Zestoako aktoreek interpretatutako obrez gain, kanpoko jendeak antzeztutako lanak ere taularatuko dituzte Antzerki Astean. Ekainaren 29an, esaterako, kanpoko bi konpainia izango dira Zestoan: batetik, Atx teatroaren Tomiris obra izango da, Iñaki Ziarrustak antzeztua; eta, ondoren, hamabost minutuko geldialdiaren ostean, Agur eta Dolore Bilboko Pabellon 6eko topaketetan Kriseilu Saria eskuratu zuen pieza. Kamikaz kolektiboaren eta Ttak teatroaten arteko elkarlanean sortutako lana da azken hori, eta, oholtza gainean, Miren Gaztañaga eta Iraia Elias izango dira; zuzendari lanetan, berriz, Amancay Gaztañaga arituko da. Aurtengoan, haurrek itxiko dute Antzerki Astea. Hain zuzen ere, aktore gaztetxoek Errege Gaua antzeztuko dute ekainaren 30ean, Mikel Ibargurenen zuzendaritzapean. Gainera, goiz horretan, Zestoako Interpretazio Eskolako ikasleek Ander Lipusekin ikastaro bat jasotzeko aukera izango dute. Sarrerak salgai Sarrerak Mairi dendan –estankoan– egongo dira salgai. Antzezlan guztiez gozatu nahi dutenentzat, berriz, ohi bezala, bono berezi bat prestatu dute aurten ere. Bonoak hamabost euro balioko du, baina banaka erosi ahal izango dira. Sarrera bakoitzak sei euro balioko du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide