Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Laugarren urtez, Herri Azoka ari dira egiten gaur Zestoan. Aterpe bila hasi dute eguna, eta plazako arkupeetan jarri dituzte postuak herriko eragile, talde, merkatari eta ekoizleek. Eguerdi partean, ordea, eguzkia indartsu atera da eta jendea ere orduan animatu da gehien azokara, kalejiran irten diren trikitilarien doinuei segika. Bideoan, trikitilariek Laranjadi plazan eskaini duten pieza bat:
https://youtu.be/6gLj-3-XQWs
Udaletxe azpian jarri dituzte postu gehienak: janariak, eskulanak, artisautza, argazkilaritza, jantziak, ekainaren 10eko giza katerako materiala eta izen ematea... Askotariko interesguneak eskaini ditu Herri Azokak. Plazatik gertu, berriz, zinematoki zaharrean, bigarren eskuko azokak ireki ditu ateak.
Aurten, arratsaldez ere izango da zer ikusi eta zer egin Zestoako Herri Azokan. Batetik, herriko hainbat eragile bihurtuko da azokan protagonista: Sahara Taldeak haima bat jarriko du; San Juan egoitzako, Danbolineko, AEK-ko, Odol Emaileetako, Fiareko, Auzolaneko, Gure Esku Dagoko, Caristaseko eta Astinduko kideak ere bertan izango dira; Arroabeko Bidegorriaren Aldeko taldeko kideek kamisetak salduko dituzte; eta Herri Hezitzailea taldeko kideek haurrentzako festetako proposamenak jasoko dituzte.
Horiez gain, material birziklatuekin panpinak egin ahal izango dituzte umeek, eta txokolatea ere izango da haientzat. 18:30ean, berriz, Gure Esku Dagok antolatuta giza katea egingo dute, eta 19:30ean herriko txaranga irtengo da kaleak girotzera. Gauean ere zabalik izango da jakien postua.
Hau da gaur eguerdian hartutako irudien bilduma:
[flickr_set id="72157697279046345"]