ETBren Erredakzio Kontseiluak Jon Artanoren lana babesteko eta Iñaki Anasagastik kazetari zestoarraren kontra esandakoak salatzeko idatzia plazaratu du. Artanok Venezuelako hauteskundeen atarian egindako lana gogor kritikatu du EAJren legebiltzarkide, parlamentari eta senatari ohiak
Deia egunkariaren webgunean duen blogean, joan den igandean argitaratu zuen
Contados. Hay sesenta chavistas en Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Rioja y Cantabria sarreran. "Edo ez da ezertaz enteratzen, edo manipulatzaile hutsa da", dio Anasagastik Artanoz, Agustin Otxotorenari egin zion elkarrizketa dela eta; ETBk kazetaria bere postutik kendu beharko lukeela ere esaten du, zestoarrari zuzendutako hitz gogor gehiagoren artean. Artano EITBren berriemaile berezia da Latinoamerikan iazko irailetik; joan den
urtarrilean elkarrizketatu zuen UROLA KOSTAKO HITZAk.
"Onartezinak" dira Anasagastik "Euskal Telebistaren langile bati botatako irainak" ETBren Erredakzio Kontseiluarentzat. "Iñaki Anasagastik gure langilearen kaleratzea eskatzen du. Arrazoia: gustuko ez duen pertsona bat elkarrizketatzea", nabarmendu dute. Anasagastik "telebista publikoak beharrezko dituen askatasuna eta aniztasuna ezbaian" jartzen dituela uste du ETBren Erredakzio Kontseiluak, eta bere jarrera "harrigarria" iruditzen zaiola gaineratu du, "gure programetan duen presentzia ikusita eta izan dituen karguak aztertuta".
Anasagastiren erasoak Artanoren aurrerantzeko lanari kalte egin diezaiokela ere uste du ETBren Erredakzio Kontseiluak: "Kontuan hartzen badugu Anasagasti jaunak Venezuelako euskal komunitatean duen eragina, bere idatziak gure kazetariaren jardun librea eragozten du, beharrezko iturri pluralak biltzeko zailrasunak gehituz eta gatazka ireki bat bizi duen herri batean lan egiteak dakarren arriskua areagotuz".
ETBn ematen dituzten informazioen gaineko kritika "zilegia" eta "hainbat kasutan beharrezkoa ere" badela deritzo telebista publikoaren Erredakzio Kontseiluak, "baina langile baten kontra irainak jaurtitzea eta egoera deserosoen jomugan jartzea bestelako gauza bat" dela azpimarratu du. Anasagastik antzeko kritikak egiten dituen lehen aldia ez dela aipatuta, "erantzukizunez jokatzea eskatu" diote, idatzia bukatzeko.