Larunbatean IV. Herri Azoka izango da Zestoan

Zestoako Hitza 2018ko maiatzaren 22a

Goizez eta arratsaldez egingo dute azoka, eta askotariko egitasmoak izango dira egun osoan zehar. Goizean hainbat produktu erosteko aukera izango da, eta arratsaldean herriko eragileak ezagutzeko aukera. Musika eta jan-edanik ez da faltako.

Zestoako III. Herri Azoka, 2017ko maiatzaren 20an. Larunbatean Herri Azokaren IV. edizioa egingo dute Zestoan, eta, aurten, gainera, goizez eta arratsaldez egingo dute egitasmoa –orain arte goizez egin izan dute–. 10:00etan zabalduko dute, eta, besteak beste, Arropa Solidarioak taldeak, Elikagaien Bankuak eta norbanakoek bigarren eskuko azoka jarriko dute. Horrez gain, baina, bertako ekoizleek ere izango dute tokia azokan, baita Arroa Goiko eskulan taldeak ere. Gainera, Zestoako F11 argazki elkarteko kideek beren txokoa jarriko dute, eta ateratako argazkiak salgai jarriko dituzte. Bildutako dirua Elikagai Bankuari emango diote. Gainera, argazki elkarteko kideek lehiaketa antolatu dute. Hain zuzen ere, azoka gai hartuta mugikorrekin ateratako argazkien txapelketa egingo dute, eta argazki onenaren egileak saria eskuratuko du. Eguerdian herriko trikitilariak ariko dira giroa alatzen, eta Malen Etxekoek jakien postua jarriko dute goizez nahiz arratsaldez. Arratsaldean, berriz, herriko eragileen txanda izango da, eta horiek hainbat postu jarriko dute. Sahara Taldeak haima bat jarriko du; San Juan egoitzako, Danbolineko, AEK-ko, Odol Emaileetako, Fiareko, Auzolaneko, Gure Esku Dagoko, Caristaseko eta Astinduko kideak ere bertan izango dira; Arroa Beheko Bidegorriaren Aldeko taldeko kideek kamisetak salduko dituzte; eta Herri Hezitzaile taldeko kideek haurrentzako festetako proposamenak jasoko dituzte. Arratsaldean, gainera, material birziklatuekin panpinak egin ahal izango dituzte umeek nahiz gaztetxoek, eta horientzat txokolatea ere izango da. 18:30ean, berriz, Gure Esku Dagok antolatuta giza katea egingo dute, eta 19:30ean herriko txaranga ariko da giroa alaitzen. Gauean ere zabalik izango da jakien postua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide