Benantzio Larrarte zestoarrak 100 urte egin ditu

Zestoako Hitza 2018ko maiatzaren 18a

Benantzio Larrarte. (Zestoako Udala) Benantzio Larrarte zestoarrak 100 urte bete ditu gaur, maiatzaren 18an. Hori dela eta, zorionak ematen izan da Zestoako alkatea Benantzio bizi den Donostiako egoitzan. Larrarte Zestoako Txiriboga auzoan jaio zen. Txiki-txikitan, Miserikordiara –gaur egungo San Joan egoitza– ekarri zituzten bera eta bere arreba zena, Kontxita. Geroztik, apaiz egin zen bata eta moja bestea, eta Zestoatik kanpo bizi izan ziren. Benantzio, besteak beste, Arabako zenbait herritan izan zen apaiz 1940ko hamarkadan. Geroago, Nuarben ere egon zen apaiz eta bera arduratu zen kanposantuko obrak egiteaz –igeltsero lanetan ere ibili zen han–. 1960ko hamarkadan, Loiolako (Donostia) moja komentu bateko kapilau izan zen, beste hainbat arduren artean, eta 70eko hamarkadaren amaieran, Zestoara itzuli zen, Miserikordiako mojak alde egin eta etxea zaharren egoitza bihurtzea erabaki zutenean. Garai haietan, Lasaoko kapilau izan zen eta handik urte batzuetara, zaharren egoitzakoa ere bai. Horrez gain, Zestoan bertan ere eman ohi zuen meza eta apaiz zerbitzua. Lasaon, Benantziori esker, berrikuntza dezente egin zituzten hango kapera eta eliz eraikuntzetan. Benantzioren arreba, Kontxita, zaharren egoitzaren arduraduna izan zen, eta urte askoan jardun zuen han lanean. Gero, arduradun kargua utzita ere, urte dezentetan egoitzan bertan bizi izan ziren Kontxita eta Benantzio. Duela urte batzuetatik gaur arte, Donostiako Elizbarrutiko egoitza batean bizi da Benantzio –bere arreba ere bai, hil zen arte– eta han bisitatu du alkateak, gaur eguerdian. Jesus Mari Arroitaonaindia, Josetxo Mendizabal, Prudentzio Auzmendi eta Benantzio Larrarte. (Zestoako Udala)  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide