Gaur bukatuko da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haurreskoletako matrikulazio epea, eta Arroabeko haurreskolan kezkaz bizi dute datorren ikasturterako aurreikusten duten egoera. Izan ere, gaur egun hiru haur joaten dira auzoko haurreskolara, eta datorren ikasturtean horietako bi eskolara joaten hasiko dira, adinez hala egokitzen zaielako. Gainera, zabalik den matrikulazio epean haurrik ez dute matrikulatu datorren ikasturterako, eta haurreskolako ordezkariak "kezkatuta" daude, gutxienez hiru ikasle behar direlako ikasturtea hasi ahal izateko. "Herritarrak haurreskolarekin dugun egoerak dituen arriskuez jabetzea nahi dugu; izan ere, zabalik mantentzeko zailtasunak ditugu ume kopurua dela eta", azaldu dute.
Haurreskolak har dezakeen haur kopuruaren %75 beteta ez dagoenez, gaur ez da amaituko Arroabeko haurreskolan matrikulatzeko epea; hain zuzen ere, uztailera bitartean izango dute herritarrek beren umeak bertan matrikulatzeko aukera. Haurreskolako kideek esan dutenez, Arroabean horrelako zerbait gertatzen den aurreneko aldia da. "Aurten arte, 15-25 ume artean izan ditugu ikasturtez ikasturte, eta aurtengoa salbuespena izan da". Hala ere, Arroabeko haurreskolako kideek esan dute datorren urtean, ikasturtea hasi eta hilabete batzuetara, haur bat edo beste haurreskolara joaten hastea ere aurreikusten dutela.
Gaur-gaurkoz haur bat soilik dago datorren ikasturterako haurreskolan izena emanda, eta hala bada, egoitza "itxi" egingo luketela azaldu dute haurreskolako ordezkariek. Dena den, egoeraren berri emateaz gain, aurten sindikatuek lortu duten hobekuntza bat nabarmendu nahi izan dute horiek: "Orain arte, haur kopuru baxua izanda, zazpi orduz izaten ziren irekita haurreskola txikiak, baina, sindikatuek lortu dute aurrerantzean haurreskola txikiek ere zortzi orduko zerbitzua eskaini ahal izatea".