Maiatzaren 26ko bigarren eskuko azoka prestatzen ari dira Zestoan

Zestoako Hitza 2018ko maiatzaren 10a

Materiala salgai jartzeko zein dohaintzan emateko aukera izango dute herritarrek. Materiala azokarako doan eman nahi dutenei datorren astean Kidetxera eramatea eskatu diete antolatzaileek.

Maiatzaren 26an, larunbata, egingo dute Zestoako IV. Herri Azoka. Horren barruan, besteak beste, bigarren eskuko azoka jarri nahi dute antolatzaileek, eta deia egin diete bigarren eskuko materiala azokarako eman edo azokan saldu nahi duten herritarrei. Bi aukera daude bigarren eskuko azokan parte hartzeko: norberak bere materiala salduz edo materiala azokarako dohaintzan emanda. Azokan antolatzaileek zehaztutako gunean beren bigarren eskuko produktuak saldu nahi dituztenek 690 068 181 telefono zenbakira deitu behar dute. Materiala dohaintzan eman nahi dutenek, berriz, hilaren 14tik 18ra eraman behar dute Kidetxera (zinema zaharrean), 18:00etatik 20:00etara. Antolatzaileek azaldu dutenez, jasotzen dituzten arropak Arropa Solidario taldeak hartuko ditu, eta azokan zein hileroko dendan salduko dituzte. Gainerako materiala (jostailuak, liburuak, etxeko tresnak...) azokan salduko dute; horien salmentarekin ateratako dirua Elikagai Bankura bideratuko dute. "Denok ditugu etxean ondo dauden baina erabiltzen ez ditugun tresnak. Elkartasunean oinarrituz, ekarpen modura, tresna horiek jaso eta azokan salneurri egoki batean salduta, guztion artean urteroko elikagai beharrak asetzen lagun dezakegu", adierazi dute azokaren antolatzaileek, herritarrak azokan parte hartzera animatuz: "Gure etxeetako armairuak eta ganbarak arindu, eta elkartasun merkatu honetan parte hartzera gondidatzen zaituztegu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide