Arroabehan iazko sanisidroetan egin zuten bertso afariko irudi bat.
Datorren asteartean, hilaren 15ean, baserritarren santua omentzeko eguna izango da, Isidro Deunarena, hain zuzen. Belar-mozteak, ganadu jirak eta baratzeko eta soroko lanak albo batera utzi, eta festaz gozatzeko aitzakia aparta izango dute baserritarrek eskualdeko hainbat herritan eta auzotan.
Arroabean, esaterako, hilaren 19an, zapatuan, ospatuko dituzte sanisidroak auzoko Ederki soziedadeak antolatuta. Sagardo eta ardo dastaketa egingo dute auzoko frontoian, eta pintxoak ere izango dira sabelaren gozagarri. Giroa alaitzen, berriz, trikitilariak ariko dira. Iluntzean, berriz, sanisidroetako bertso afaria egingo dute auzoko soziedadean, Danel Olano eta Aratz Igartzabal bertsolariekin. Ondoren, dantza pixka bat egiteko musika izango dute. Bertso afarira joan nahi duenak izena eman beharko du Arroabeko Txomin tabernan, Lurdesenean edo Keixeta fruitu dendan, eta horretarako azken eguna hilaren 16a izango da. Afaria 20 euro kostako da, eta menua honakoa izango da: errusiar entsalada, txanpiñoiak saltsan, kroketak eta bakailaoa biztaikar erara. Postrea, kafea eta edariak ere prezioaren barnean izango dira.