Zestoako futbolariak, larunbateko gola ospatzen. (Erkaitz Regillaga)
Preferente mailan jokatuko du datorren deboraldian ere Zestoa Futbol Taldearen gizonen talde nagusiak. Ligako azkenaurreko jardunaldian lortu dute Zestoako futbol taldekoek mailari eustea, eta ez suspenserik gabe.
Izan ere, Ordiziaren kontra Iraetan azkenean 2-0 irabazi duten partida bi egunetan jokatu behar izan dute. Joan den larunbatean, Zestoa 1-0 aurretik zela –Aitor Salegik sartu zuen gola– eta bukatzeko 23 minutu falta zirela, epaileak bertan behera utzi zuen partida, Ordiziako jokalari bat kanporatu ondoren bisitariek hartu zuten jarrera ez zela egokia iritzita. Horrela, atzo jokatu behar izan zituzten zintzilik geratutako 23 minutuak. Ordiziakoak bat gutxiagorekin zirela, Iñaki Zubimendik sartutako golarekin borobildu zuen Zestoak mailari eusteko balio izan dion garaipena.
Etxeko lanak ondo eginda eta zama guztiak gainetik kenduta, Beasainen agurtuko du 2017-2018 denboraldia Zestoak, zapatuan 17:30ean.
Partida erabakiorra Garmendipen
Zestoak dagoeneko bukatu duen borroka berean jarraitzen du, bere aldetik, Azpeitiko Ikasberri Kirol Elkarteko gizonen talde nagusiak. Zapatuan, ligako azken jardunaldian, jakingo dute Ikasberrikoek Preferente mailari eusten dioten ala ez.
Garmendipen jokatuko dute dena erabakiko duen azken partida, zapatuan, 17:30ean hasita, Antzuolaren kontra. Aukari zuzenak aurrez aurre izango dira, beraz, azken partida erabakiorrean. Azken hirurak jokoan jarri aurretik, 32na puntu dituzte Antzuolak eta Ikasberrik, eta zapatuko partida iarabazten duenak ziurtatuta izango du Preferentean jarraitzea. Ikasberriri dagokionez, berdinketarekin ez litzateke inongo kasutan zuzenean jaitsiko; aldiz, jaitsiera saihesteko promozioa jokatu beharra izan dezake, beste multzoan azken hirugarren sailkatzen denaren kontra, edo mailari eutsi diezaioke, beste talde batzuen emaitzen arabera. Antzuolaren kontra galduta ere, beste partida batzuetan zer gertatzen den begiratu beharko dute Azpeitikoek, galdu arren ere litekeena baita ez jaistea.
Aukera guztiak irekita ditu, beraz, Ikasberrik. Partidaren garrantzia ikusita, deia luzatu diete zaleei, zapatu arratsaldean Garmendipera joan eta taldea babes dezaten.