Ibañarrietan santakutzak ospatuko dituzte asteburuan

Zestoako Hitza 2018ko maiatzaren 2a

Pintxo lehiaketa, auzo afaria, bi saiotan banatuko duten zapo jokoa, bertsolariak, herri kirolak, eta umeentzako zezen txikiak eta poniak izango dituzte, besteak beste, larunbatean eta igandean.

Zestoan gaur eta bihar ospatuko dituzten Santa Kutz festen lekukoa hartuko dute asteburuan Ibañarrieta auzoan. Larunbaterako eta iganderako hainbat hitzordu prestatu dituzte, azken urteetako ildoari jarraituta. Larunbat iluntzean hasiko dira festak Ibañarrietan, III. Pintxo lehiaketarekin. "Etxe bakoitzak bere pintxoak ekartzen ditu, denon artean dastatzeko, eta lehiaketa egiten dugu bitartean", azaldu du jaien antolaketan aritzen den Karmeko Mendizabalek. 21:30ean, berriz, Iraetako Bekoetxe merenderoan elkartuko dira auzotarrak afaltzeko. Aurretik, ordea, jaietako bi egunetan egingo duten zapo jokoaren lehen saioa jokatuko dute. Laugarren edizioa beteko du aurten Ibañarrietako zapo jokoak. "Urte batean boloak jarri genuen, toka txapelketa ere egin genuen beste batean, eta orain dela lau urte probatu genuen zapo jokoa lehen aldiz. Jendeak gustura hartu zuen, eta bertan gelditu zen", kontatu du Mendizabalek. Santakutzetan, bi egunetan egiten dituzte saioak; Ibañarrietako bizilagunek ez ezik, inguruko auzo eta herrietakoak ere inguratzen dira parte hartzera, "eta urtean zehar ere atera izan dugu, afariren baten ondoren". Auzo lokalaren zain Igandekoei dagokienez, aurten bertso saioa izango dute meza ondoren, Uxue Alkorta eta Ane Peñagarikano bertsolariekin. Arratsaldean, herri kirol erakustaldia eta umeentzako zezen txikia eta pottokak –aurten, Zelailuzerenak– izango dituzte aurten ere. "Iganderako nahikoa polita aginduta dagoela ematen du, ea hala den", dio Mendizabalek, eguraldi iragarpena aipatuz. Izan ere, eguraldiaren zer-nolakoak zuzenean eragiten die Ibañarrietako santakutzei; elizako zimitorioa kenduta, ez dute beste aterperik gaur egun. "Lehen Urtaingo taberna genuen, baina hura itxi zuten", ekarri du gogora Mendizabalek. Auzo lokala eskatzen dute Ibañarrietakoek, eta eskaera hori Zestoako Udalean aurrera doala dio Mendizabalek; "pare bat urtera" martxan izatea espero dute Ibañarrietakoek. Egitaraua Maiatzak 5, larunbata 20:00etatik aurrera:
  • III. Pintxo lehiaketa
  • IV. Zapo jokoa (1. saioa)
21:30. Auzo afaria, Iraetako Bekoetxe merenderoan. Maiatzak 6, igandea 11:30. Idiakaitz txistulari taldearen kalejira. 13:00. Meza, Santo Kristo ermitan. 13:30etik aurrera:
  • Bertso saioa, Uxue Alkortarekin eta Ane Peñagarikanorekin.
  • IV. Zapo jokoa (2. saioa).
18:00etatik aurrera:
  • Herri kirolak.
    • Harriarekin: Goenatxo III.
    • Aizkorarekin: Eneko Otaño eta Mikel Larrañaga.
  • Haurrentzat, Zelailuzeren zezen txikiak eta pottokak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide