Helduen iazko danborrada, plazan. (Mailo Oiarzabal)
Zestoan urteko lehen festa nagusiak ospatzeko pronto daude. Ohi bezala, bi egunez ospatuko dituzte aurten ere santakutzak, maiatzaren 2an eta 3an; eta danborradak izango dira, beste behin, jaietako osagai nagusia. Etzi, Santa Kutz bezpera, 22:30ean hasita egingo dute helduen danborrada. Urtero legez, zortzi taldek osatuko dute danborrada. 250 bat lagun irtengo dira danborrak eta barrikak astintzen; kantinerekin, Zestoako eta Azpeitiko bandetako musikariekin eta abar, guztira 400 bat pertsona ibiliko dira kalez kale festa girotzen. Ostegunean, Santa Kutz egunez, 18:00etan hasiko da umeen danborrada. Aurten, danborradan ateratzen duten karroza alokatutakoa izango da, "denbora faltagatik" ezin izan dutelako, ohi zutenez, herrian bertan atondu. Gainerakoan, Zestoako Herri Eskolako 200 bat ikaslek parte hartuko dute festan.
Gaztetxoen pilota txapelketaren finalak ere jokatuko dituzte Gurutzeaga frontoian asteazkenean, txupinazoa bota aurretik. 17:30ean hasita, guztira eskuz buruz buruko lau partida ikusi ahal izango dira, horietako hiru finalak. Benjamin mutilen finalean, Oier Aldalurrek eta Eneko Luluagak neurtuko dituzte indarrak; alebin nesketan, Julene Arzallusek eta Maider Aizpuruk jokatuko dute finala; eta alebin mutiletan, berriz, Unai Lizarraldek eta Jon Mendizabalek. Txapelketaz kanpoko partidan, jaialdia itxiko duenean, Xabat Sasiain eta Mattin Eizagirre ariko dira lehian.
Hau da aurtengo jaietarako prestatu duten egitaraua:
Etzi, asteazkena
16:30. Motxila margotzeko tailerra Gaztelekuan. (Ekain Guraso Elkarteak jarriko ditu motxilak).
17:30. Gaztetxoen santakutzetako pilota txapelketaren finalak.
19:00. Jaien hasiera.
Kalejira, Idiakaitz txistulari taldearekin eta Azpeitiko eta Zestoako musika bandekin.
22:30. Nagusien danborrada.
Ondoren, Ustekabe txaranga.
Maiatzak 3, osteguna. Santa Kutz eguna.
10:30. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
12:00. Meza Nagusia, Parrokiako abesbatzarekin, San Juan egoitzan.
18:00. Umeen danborrada.