Zestoako parrokia konpontzeko lanak aurrera doaz. (Argazkia: Mailo Oiarzabal)
Tximistak jota, Zestoako Andra Mariaren Jasokundea parrokiako kanpandorrearen zati handia erori zen iazko abenduaren 1ean. Ondorioz, herriko plazara, parrokiaren teilatura eta korura harriak erori ziren, eta tximistak eragindako kalteak konpontzeko lanak abenduaren erdi aldera hasi zituzten. Koldo Intxausti parrokoak Urola Kostako Hitzari adierazi dionez, parrokia konpontzeko lanek "aurrera" jarraitzen dute, baina "mirariren bat gertatu ezean, abendura arte, gutxienez, itxita" egongo da. Izan ere, nahiz eta teilatua eta korua konpontzeko lanak, batez ere, kanpotik egiten ari diren, elizaren barruan ez dago elektrzitaterik, sakristian zegoen argien koadroa guztiz txikitu zuelako tximistak. Gainera, elizaren kanpoan jarritako aldamioaz gain, barruan ere beste bat dago, koruaren gainean. Hala, behin teilatuko lanak bukatzean, kanpandorreko kupula berregiteko lanei ekitea aurreikusten dute, ekainean edo uztailean. Beraz, obrak "luze" joko dutela uste du Intxaustik.
Zestoako eliza erabilgarri ez dagoenez, mezak Milagrosako kaperan eskaintzen dituzte, eta hileta elizkizunak, berriz, Arroagoian eta Aizarnan. Zestoako parrokoak azaldu du, dagoeneko hamar hileta egin dituztela Arroagoian.