Eman daiteke izena Zestoako eta Azpeitiko udaleku irekietako begiraleen lan poltsan

Urola Kostako Hitza 2018ko apirilaren 17a

Gaur zabaldu dituzte bi herrietako izen-emateak. Zestoan apirilaren 27an itxiko dute eskabideak egiteko epea. Azpeitian, aldiz, maiatzaren 18ra arte aurkez daitezke curriculumak lan poltsara.

Azpeitian udaleku irekiak (Uztarria.com) Zestoako Udalak eta Azpeitiko Jauzika Heziketa Elkarteak aurtengo udalekuetan begirale lanetan aritu nahi dutenentzat lan poltsa zabaldu dute gaur. Zestoan, begiraleak ez ezik, koordinatzaileak ere aurkez ditzakete lan poltsara. Bertan izena eman ahal izateko ezinbestekoa izango da 18 urte beteta izatea edo aurten betetzea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza titulua izatea, euskaraz hitz egiteko trebetasuna izatea eta delituengatiko aurrekari penalik ez edukitzea. Eskabideak apirilaren 27a baino lehen aurkeztu behar dira Zestoako udaletxean, 08:00etatik 14:00etara bitartean. Azpeitian, berriz, haur, nerabe eta gazteekin lan egiteko aisialdiko begiraleek eta heziketan behar berezietan adituak direnek eman dezakete izena lan poltsan. Jauzikako arduradunek azaldu dutenez, aisialdiko begirale titulua edukitzea eta azpeitiarra izatea lehenetsiko dira aukeraketa egiterakoan, baita EGA agiria izatea ere. Curriculumak maiatzaren 18a baino lehen bidali beharko dira gib@azpeitia.eus helbidera. Informazio gehiago nahi izanez gero, berriz, 943-15 71 60 telefonora deitu edo Gazte Informazio Bulegora jo behar da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide