Kiroldegiko lanak izango dira inbertsio nagusia Zestoako udal aurrekontuetan. (Mailo Oiarzabal)
Atzo, apirileko udalbatzarrean, onartu zituen Zestoako Udalak 2018ko aurrekontuak. 5.525.746,87 eurokoa da onartu duten aurrekontua –
iazkoa baino 400.000 euro handiagoa–, baina kopuru horri gehitzea falta da kiroldegia berritzeko lanen aurrekontuaren zatirik potoloena. Aldaketa hori aurrerago egingo dute eta, horrela, guztira 6.700.000 euro ingurura igoko da aurrekontuaren kopuru erreala.
Kiroldegiko aurrekontuaren aipatutako zatia gehitu gabe, atzo onartutako aurrekontuen 900.000 eurotik gorakoa da inbertsioetarako bideratuko duten diru kopurua, eta iazko aurrekontuaren oso antzekoak dira aurtengo inbertsio nagusiak. Hauek dira 2018koak:
- Kiroldegiko lanak: 236.011,32 euro.
- Idiazpiko igogailua: 300.000 euro.
- Arroabeko eskolaren hiritartze lanak: 75.000 euro.
- Zezen plazako harmailak berritzeko azken fasea: 35.000 euro.
- Arau subsidiarioak: 65.000 euro.
Kiroldegiko lanen aurrekontua, desadostasun nagusia
EAJren Udal Gobernuaren aldeko botoekin onartu dituzte aurtengo udal aurrekontuak, EH Bilduk kontra bozkatu baitzuen atzoko biltzarrean. Kiroldegiko lanen kostua eta horrek aurrekontuetan eta udalaren altxortegian izango duen eragina dira, hain zuzen ere, oposizioak 2018ko udal aurrekontuei ezezkoa emateko argudio nagusiak.
Kiroldegiko lanen aurrekontuaren gorakada dela-eta azken egunetan azaldu duten kezkaren ildotik, atzo onartutakoak "hormigoiaren aurrekontuak" direla dio EH Bilduk. "Ez dugu hormigoiaren aurrekontua urrearen prezioan ordaindu nahi", adierazi zuen Aitor Zuzuarregi bozeramaileak, obra horiek aurrekontuan duten "pisua" kritikatuz. Ezezkoa eman zion bere garaian EH Bilduk kiroldegiko lanen aurrekontuari
2017ko uztaileko udalbatzarrean, proiektuaren hasierako kopuruetatik urrunegi joaten zelako iritzita, eta udalaren altxortegiari horrek eragingo zion kalteaz kezkatuta. Atzo, kiroldegiko lanen ondorioz altxortegiaren gerakina %66 murriztuko dela nabarmendu zuten. Kiroldegiko hasierako proiektutik –120.000 eurokoa– gaur arteko kopuruetara dagoen 600.000 euroko aldearekin "herrian beste gauza asko" egin zitezkeela nabarmendu zuten, aurrekontuan "faltan botatzen" dituztenak; egitasmoak eta proposamenak ere zerrendatu zituzten, ingurumenari, sozioekonomiari, gizarte zerbitzuei, etxebizitzari, kulturari, hirigintzari, memoriari edota parte hartzeari lotutakoak.
Oposizioaren kritikei erantzunez, Gorka Unanue Hirigintza zinegotziak onartu zuen lehentasunak ezartzerakoan ikuspuntu ezberdinak izatea, baina gaineratu zuen altxortegian dirua egotearen arrazoia zela "urte batzuetan inbertsiorik ez" dela egin. "Defizitik ez dut ikusten. Gastu bat egin da, baina behar batzuk zeudelako herrian", kiroldegiari eta igogailuari erreferentzia eginda; "milioiak bankuan ez, zelaian" egon behar direla esan zuen Unanuek, Luis Uranga Realeko presidente ohiari zuzenduta ezaguna egin zen esaldia bereganatuta. Unanuek berretsi zuen kiroldegia berritzeko proiektuaren kostua "sekula ez" dela izan 1,2 milioikoa, iazko uztailean aurkeztu eta plenoan onartu zuten exekuzio proiektuaren 1,6 milioikoa baizik. Zuzuarregik esan zuen "udalbatzarra hasi baino bi ordu lehenago" izan zuela EH Bilduk 400.000 euroko igoeraren berri. "Gelditzeko eta proiektua hobeto aztertzeko denbora hartzea proposatu genuen orduan, baina aurrera egitea erabaki zenuten, lanak agintaldia bukatu baino lehen bukatzea nahi zenutelako", esan zuen. Unanuek erantzun zion aldundiaren diru laguntza galtzeko arriskua zegoelako onartu zutela aurrekontua uztailean.