Zestoako IV. Herri Azoka antolatzeko bilera deitu du herritar talde batek datorren astearterako, hilaren 17rako. Kultur Etxean jarri dute hitzordua 19:00etan, eta herritarrei eta eragileetako ordezkariei bileran parte hartzeko deia egin diete haren antolatzaileek. Haiek esan dutenez, azokak "herri izaera" izateko "irekia" izan behar du herriko talde eta eragileentzat: "Artisauak, baserritarrak, bertako ekoizleak, kultur taldeak, gai sozialak lantzen dituzten taldeak, sortzaileak... denok koloreztatzen dugu Zestoa".
Azokak herriko dinamika desberdinen "erakusleiho" izan nahi duela esan dute antolatzaileek; horien "elkargune eta topaleku". Gainera, azokaren laugarren ediziorako "hainbat ekimen" proposatu nahi dituztela esan dute, eta, horregatik, herriko eragileei eskuen artean dituzten proiektuak herriratzeko aukera eskaini nahi die azokak. "Gure herria txikia izanik, elkarlanean emaitza hobeak lortzen ditugula sinetsita gaude".