Umeen Eguna ospatuko dute Zestoako Gaztetxean ostiralean

Urola Kostako Hitza 2018ko apirilaren 11

Asanbladako kideek Gaztetxearen 29. urtemuga ospatzeko egitarauaren barruan antolatu dute Umeen Eguna, herriko txikiek ere goza dezaten. Arratsaldean egingo dituzte prestatutako ekintzak, 17:00etan hasita.

Umeekin Zestoako Gaztetxean egindako ekitaldi bat.
(Danbolin) Umeen Eguna izango da ostiralean, hilak 13, Zestoako Gaztetxean. Aurten, 29 urte beteko ditu Zestoako Gaztetxeak, eta urtemuga ospatzeko egitarauaren barruan antolatu dute Umeen Eguna asanbladako kideek, herriko txikienengana ere heltzeko. Arratsaldean egingo dituzte prestatutako ekintzak, 17:00etan hasita. Aurrena, tailerrak egingo dituzte, eta malabareak egiteko edo muralak margotzeko parada izango dute haurrek. Ondoren, bertaratzen diren haur eta gaztetxoek txokolatada egingo dute. Gainera, nahi dutenek abesten dituzten abileziak erakusteko aukera izango dute Zestoako Gaztetxeko kideek prestatutako karaokean. Hilaren 27an jarraituko dute egitarauarekin, eta orduan musika izango da protagonista. Sofa eta Rural Zombies taldeak igoko dira gaztetxeko oholtzara, 23:00etan hasita. Urteurren festa nagusia apirilaren 28an egingo dute, larunbatez. Egun horretarako bertso bazkaria, bafle-poteoa eta Bertsio Gaua prestatu dituzte. Bertso bazkaria 14:30ean hasiko da, eta hura amaitzean hasiko dira bafle-poteoarekin. Gaztetxeko kideak Zestoako kaleetan zehar ibiliko dira musikaz  lagunduta. Gauean, berriz, herriko artistak igoko dira Zestoako Gaztetxeko oholtzara Bertsio Gauean parte hartzeko. Bertan jotzera animatzen diren lagunek oraindik ere eman dezakete izena Gaztetxean bertan zein Mollergi eta Koiote tabernetan. Gaua amaitzeko, kontzertu bana eskainiko dute Gorpuzkingz eta OndaRbi taldeek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide