Beste 200.000 euro bideratuko ditu Zestoako Udalak kiroldegiko lanetarako

Mailo Oiarzabal 2018ko apirilaren 11

EH Bildu "kezkatuta" azaldu da lanen aurrekontuaren gorakadarekin. Partida berria ekipamendurako eta frontoia atontzeko izango dela dio EAJren Udal Gobernuak.

Zestoako kiroldegia berritzeko lanetan ari dira joan den urtarriletik. (Mailo Oiarzabal) Zestoako Udalak beste 200.000 euro gehituko dizkio herriko kiroldegia berritzeko lanen aurrekontuari. Iazko uztail amaieran, 1,6 milioiko aurrekontua onartu zuten udalbatzarrean lan horiei aurre egiteko; joan den urtarrilean hasi zituzten obrak kiroldegian, eta urtebete inguru iraungo dute. EH Bilduk eman du aurrekontuaren igoeraren berri. Gutun bidez, kiroldegiko lanen kostua "gora eta gora" doala salatu eta egoerarekin "kezkatuta" dagoela azaldu du udalean oposizioan dagoen taldeak. Koalizioak gogora ekarri du "obren hasierako aurrekontua 1.200.000 eurokoa" zela, udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak erdibana ordaindu beharrekoa. "Aurrekontua onartu bezperan, EAJren gobernuak udalak oso-osorik ordaindu beharreko 400.000 euroko gehikuntza ezarri zuen, eta azkeneko minutuan aurrekontua %30 garestitzea ez zela serioa iritzita, ez genuen gobernuaren azken aldaketa onartu", azaldu du EH Bilduk. Orain, udalak 200.000 euro gehiago jarriko ditu kiroldegiko proiektua ordaintzeko, "ekipamendu gastua bere garaian sartzea ahaztu egin zitzaiela argudiatuta", koalizioaren arabera. "Beraz, jatorrizko 1.200.000 euroak dagoeneko 1.800.000 eurora igo dira; batez beste, bost urterako inbertsioetarako dirua. Gauzak dauden bezala, udalak hasierako aurrekontu osoa ordaindu beharko du, aldundiak jatorrizko aurrekontuaren erdia bakarrik ordainduko duelako, 600.000 euro, alegia". Gastu bikoizketarik ez Bere garaian aurreikusi gabeko ekipamendurako ez ezik, kiroldegia berritzeko lanen barruan sartu ez arren lanen ondorioz kaltetua izan den frontoia atontzeko erabiliko dituzte berriki gehitutako 200.000 euroak. "Eta frontoiko ezker horma berritzeko, EH Bildurekin adostu bezala", azaldu du Gorka Unanue Hirigintza zinegotziak. Unanuek dio EH Bilduk aipatzen duen hasierako 1,2 milioiko aurrekontua "oinarrizko proiektuari" zegokiona dela, "aldundiaren diru laguntza eskatzeko osatu genuen zirriborroarena". Aldundiaren laguntza lortuta ekin zioten, Unanueren esanetan, proiektua zehazteari. Kiroldegian egin beharreko lanak "EH Bildurekin adostu" zituztela nabarmendu du. Aurreikusitako zenbakiei 400.000 euro gehitu behar izan zizkieten, ordea, eta EH Bilduk ez zuen onartu 1,6 milioiko aurrekontu berria. "Uste baino ez dakit, baina nahi baino gehiago bai igo zen aurrekontua", aitortu du Unanuek. Kiroldegiko lanen kostua garestitzeak herriko beste proiektu batzuk "erabat baldintzatuta" utziko dituela ere salatu du EH Bilduk. Unanuek onartu du kiroldegirako inbertsioa handitzearekin egin nahi zituzten "beste gauza batzuk" ezingo dituztela egin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide