Intxaurrandieta eta Meltxor errauste plantaren aferaz solastu dira Zestoan

Urola Kostako Hitza 2018ko apirilaren 10a

"Zubietako errauste plantaren aferaren atzean ezkutatzen diren xehetasunak azaltzeko eta gizartaratzeko" Angula Ustelak egitasmoa jarri zuen martxan Gipuzkoa Zutik plataformak. Elkartasun birak Euskal Herriko 35 herri baino gehiago igaroko ditu, eta eskualdeko zenbait herritatik ere pasatuko da. Dagoeneko Azpeitian eta Getarian geldialdia egin ostean, atzo, astelehena, iritsi zen Zestoara. Atzokoan Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari ohia eta Igor Meltxor kazetariak aritu ziren hizlari lanetan, 19:00etan hasita, Zestoako Kultur Etxean. Dozenaka lagun hurbildu zen haien azalpenak entzutera. 2013an Zubietako errauste planta geldiarazteagatik epaituko dituzte Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohi azpeitiarra Madrilgo Kontu Auzitegian, datorren ostegunean, hilak 12. Epaiketaren atarian, Intxaurrandietak eta Meltxorrek hizpide izan zituzten Gipuzkoan abiatutako zenbait ustelkeria kasu eta horien aurrean komunikabideek nahiz politikariek erakutsitako jarrera. Gai horietaz solastu ez ezik, errauste plantaren aferaren kronologia azaldu zieten bi hizlariek Zestoako Kultur Etxera bertaratu ziren lagunei. Hala, "langile publikoek idatzitako enpresa pribatuen txostenak, errauste plantaren bileretako aktak zituen ordenagailuaren lapurreta, FCCri diru publikoarekin oparitutako kamioiak eta EAJko Carlos Ormazabalek egindako swap maileguak sinatzea" izan zituzten hizpide. Azkoitira ere eramango dituzte beren azalpenak Angula Ustelakeko kideek. Azkoitia Zutikek antolatuta, Elkargunean eskainiko dute Angula ustelak solasaldia apirilaren 16an, 19:00etan hasita. Bi auziperatuei babesa agertzeko eta "alternatibak badaudela erakusteko", manifestazioa egin zuten apirilaren 7an Azpeitian. Ehunka lagun irten zen kalera Iñaki eta Ainhoarekin elkartasuna, alternatibak badaude lelopean. Auziaren harira UROLA KOSTAKO HITZAk Errazkini egindako elkarrizketa, hemen

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide