Zestoan jokatutako saioan parte hartu zuten bertsolariak. (Topatu.eus)[/caption]
Joan zen ostiralean Plazatik Gaztetxera txapelketako saioa izan zen Zestoako Gaztetxean. Sei bertsolari aritu ziren kantuan eta bertso aldi ederrak entzun ahal izan ziren bertan. Epaileek hala erabakita, Mikel Iturriotz izan zen saioan nagusi. Haren atzetik sailkatu ziren hurrenez hurren, Manex Astigarraga, Ane Peñagarikano, Beñat Torres, Lurdes Ondaro eta Aissa Intxausti.
Urtebeteko geldialdia eta gero, apirilaren 5ean hasi zen Plazatik Gaztetxera. Oñatin izan zen lehen saioa, eta bigarrena Zestoan. Asteburu honetan beste bi saio izango dira: ostiralean Soraluzen eta zapatuan Itziarren. Lau kanporaketa horietan seina bertsolari ariko dira, eta Itziarreko saioan Oier Etxeberria azpeitiarrak kantatuko du. Bigarren fasea hasiko da lau saio horien ostean, eta lehen faseko saio bakoitzeko hiru bertsolari ariko dira txanda horretan. Finalera, berriz, finalerdietatik sailkatutako sei bertsolari sailkatuko dira. Finala Ondarroan izango da maiatzaren 12an.