Kataluniari babesa adierazteko elkarretaratzea deitu du Zestoako EH Bilduk biharko

Zestoako Hitza 2018ko martxoaren 24a

Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako azken gobernuko lau kontseilari eta orduan Kataluniako Parlamenduko presidente zena espetxeratu zituen atzo. Espetxeratze horiek salatzeko deitu du koalizioak elkarretaratzea, 'Denok gara Katalunia' lelopean. 13:00etan izango da, plazan.

Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarenaren aurrean deklaratu zuten atzo, ostirala, Jordi Turull, Josep Rull, Raul Romeva eta Dolors Bassa Espainiako Estatuak bertan behera utzitako Kataluniako azken gobernuko kontseilariak eta Carme Forcadell orduan Kataluniako Parlamentuko presidentea. Epaile horrek erabaki zuen horiek denak espetxeratzea ihes egiteko eta matxinada delitua berriz egiteko arriskua dutela argudiatuta. Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari ere matxinada delitua egotzi dio Llarenak, baina atzo ez zen deklaratzera agertu; erbestera jo du. Espetxeratze horiek salatzeko elkarretaratzea deitu du Zestoako EH Bilduk biharko. Denok gara Katalunia lelopean egingo dute protesta, eta 13:00etarako jarri dute hitzordua, plazan. Koalizioak kataluniarrei eta hango burujabetza prozesuari babesa adierazteko kontzentrazioan parte hartzeko deia egin die herritarrei.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide