Atxur taldearen 'Areka' film laburrak irabazi du 11. Huezinema jaialdiko sari nagusia

Urola Kostako Hitza 2018ko martxoaren 24a

  Atzo gauean egin zuten Huhezinema jaialdiaren 11. edizioko sari banaketa, eta eskualdeko sortzaileak ez ziren esku hutsik itzuli handik. Sail ofizialean hamar film laburrek hartu zuten parte, eta sari nagusia, Goiena saria, Atxur animazio taldearen Areka lanak jaso zuen. Atxur taldeko kide dira Alots Arregi eta Izibene Oñederra azkoitiarrak. Aitor Arenasek, Edurne Azkaratek eta Maider Fernandezek osatutako epaimahaiaren erabakiz, Areka film laburrak jaso zuen 1.000 euroko saria. Amancay Gaztañagak eta Erika Olaizolak zuzendutako Z U L Ok sari batekin nahikoa ez, eta bi eskuratu zituen. Mondragon Unibertsitateko ikasleek osatutako epaimahaiak ematen duen 400 euroko Vertigo saria eskuratu zuen buruhandi baten eta neska baten arteko maitasun istorioa kontatzen duen ikus-entzunezkoak. Horrez gain, 700 euroko Mundukide saria ere jaso zuen Azpeitiko eta Zestoako sortzaileen lanak. Epaimahaiaren arabera, "giza eskubideen eta justizia sozialaren gaia egokien txertatu dituelako" jaso du Mundukide saria Z U L Ok. Erika Olaizola azpeitiarra eta Mikel Ibarguren zestoarra, film laburreko bi protagonistak, igo ziren oholtzara sariak jasotzera. https://www.youtube.com/watch?v=zAxdTXwR3zs&feature=youtu.be Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko ikus-entzunezko komunikazioko laugarren mailako ikasleak dira Huhezinemaren antolatzaileak, eta lan horretan aritu da Saioa Murua azkoitiarra. Hark Goienari adierazi zionez,  aurtengo jaialdiaren balorazio "oso positiboa" egin dute antolatzaileek: "Egitaraua erakargarria egin eta jaialdia herrira ekarri nahi genuen, eta  esango genuke lortu dugula."

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide