Europako Batasunari buruzko txostena aurkeztuko du Askapenak Zestoako Gaztetxean ostiralean

Urola Kostako Hitza 2018ko martxoaren 20a

Aurkezpena 18:30ean hasiko da. Askapenak egindako txostenaren helburua da Europar Batasunaren inguruko eztabaida sustatzea.

'Europar Batasuna: ez zaitugu nahi, ez zaitugu behar' txostenaren azala. Askapena erakunde internazionalistak hitzordua du ostiralean Zestoako Gaztetxean. Izan ere, Askapenako kideek Europako Batasunaren (EB) inguruan egin duten txostena aurkeztuko dute 18:30ean hasita. Europar Batasuna: ez zaitugu nahi, ez zaitugu behar da aurkeztuko duten dokumentuaren izenburua, eta EBren eta Europaren egungo egoeraren inguruko hausnarketa eta eztabaida sustatzea du helburu. Askapenako kideek aurreratu dutenez, "Europa zaharreko kapitalaren egitura nagusia krisi betean murgildu da, eta horren arrazoiak eta adibideak landuko ditugu".

Txostenaren aurkezpenarekin gasteko, EBren jatorriaz mintzatuko dira Askapenako kideak. "Europako Batasunak kapitalarekin eta burgesiaren klase-interesekin duen lotura hertsia ikusiko dugu", azaldu dute. Ondoren, EBk azken krisi ekonomikoari nola erantzun dion aztertuko dute, barne eta kanpo politikei erreparatuta. "Azkenik, gaur egun bloke ideologiko historikoek zer jokabide duten analizatu, eta ondorio eta proposamen batzuk aurkeztuko ditugu", jakinarazi dute Askapenako kideek.

Erakunde internazionalistaren xedea da Europar Batasunaren inguruko eztabaida sustatzea. Azpimarratu dutenez, "ezinbestekoa delako Euskal Herrian hainbeste eragiten digun instituzioaz mintzatzea, gure ingurua aldatu ahal izateko eta gaurdanik hartu beharreko jarrerak eta posizioak zehazten joateko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide