Aitor Salegi: "Saio bizi samarra izango da eta umore ukituak ez dira faltako"

Ainitze Agirrezabala 2018ko mar. 16a, 10:16

Aitor salegi bertsolaria IX. Erniarraitz Sariketako finala jokatuko da gaur Azpeitiko Gaztetxean, 22:00etatik aurrera. Aitor Salegi zestoarra izango da oholtzan, beste bost bertsolarirekin batera.

Aitor Salegi Zestoako bertsolaria, Erniarraitz bertso eskolan. (Argazkia: Maialen Etxaniz) Zestoako Erralla bertso eskolako kidea da Aitor Salegi (Zestoa, 1993). Bera izan da Erniarraitzek bi urtean behin antolatzen duen bertsolari gazteen sariketako finalera iritsi den eskualdeko bakarra. "Gozatzea eta gozaraztea" ditu helburu gaurko saioan zestoarrak. Noiz hasi zinen bertsotan? Jaunartzean pare bat bertso kantatu nituen, eta ordurako Zestoako bertso eskolan hasita nengoen, ni baino bi urte zaharragoa den anaiaren babesean. Aita beti izan da bertsozalea, eta Hitzetik Hortzera beti ikusi izan dugu etxean. Oskar Alberdi genuen irakaslea, eta astero lau-bost lagun elkartzen ginen. Urte guztiotan, komunikatzeko modua eta askabidea izan da bertsoa niretzat. Lotsati fama dugu euskaldunok, elkarri hitz goxo bat esatera ez gara ausartzen apenas, eta oholtzara igo eta bertsotan egitea fikzioa den heinean, bestela esango ez genituzkeen egiak botatzen ditugu. Sariketa honetan parte hartzen duzun laugarren aldia duzu. Zer nolako esperientzia izan da beste urteetakoa? Ona. 18 urte betetzean eskolarteko saioak atzean utzi genituen, sariketetan hasteko. Gazteok plazarik ez dugu izaten apenas, plazan dabiltzanek beste maila bat dutelako. Zentzu horretan, Gabiriako Osinalde, Zarauzko Lizardi eta Erniarraitz Sariketak aukera ona dira oholtzan kantatzeko eta jendea ezagutzeko. Erralla bertso eskolako kidea zara. Zer osasun du taldeak? Duela bi urte umeen bertso eskola sortu genuen Zestoan, eta Maialen Belarde zumaiarrak gidatuta sei ikasle –haietatik hiru azkoitiarrak– aritzen dira kantuan. Helduen taldea, ordea, osasunez makal dago oso. Oskarri esker eman genuen jauzia helduen bertso eskolara, baina azken hiru urteotan Arroako Igor Olabide eta biok baino ez gara bildu izan. Orain, Azpeitian astero hasiko gara elkartzen Jokin Uranga, Beñat Lizaso, Leire Ostolaza... Azpeitian eta Azkoitian bertso irakaslea zara. Zer moduz? Euskal Ikasketak ari naiz bukatzen Gasteizen, eta duela hilabete hartu nuen Jokin Urangaren lekua. LH 5. mailatik Batxilergora arteko gazteekin aritzen naiz. Oso gustura nago; bertsolaritza gustuko dut, baita umeekin egotea ere, eta saiatzen gara. Txapelketan parte hartu duten eskualdeko lau bertsolarietatik zeu bakarrik izango zara gaur finalean. Bai, hala tokatu da. Azarotik, Jon Gurrutxaga, Oier Etxeberria eta hirurok kantuan egiteko elkartu izan gara. Ederra izango litzateke haietakoren bat ere finalean izatea, baina... Azkenean, sariketa bat bada aitzakia bertsolariak geure artean elkartzeko, baina bertsotarako gogoa badago, gero ere komeni da elkartzen segitzea. Laster, 25 urte beteko ditut, eta badakit sariketak bukatu samartu zaizkidala. Adin honetan saltorik eman ezean Gipuzkoako Txapelketara-edo, zaila da plazak lortzea, eta, beraz, asteroko horri eustea ona litzateke. Nola sentitu zara oholtza gainean? Martxoaren 4an kantatu nuen Zestoan, eta nahikoa zapore gaziarekin geratu nintzen. Zortziko handian, aurreneko ariketan, bigarren bertsoaren bukaera joan egin zitzaidan; gero, zortziko txikian ere nahi nuen bezala ez nuen bota bigarrenaren bukaera. Irudipena nuen halako huts egitea egin eta buelta eman ezinda nengoela. Ez nintzen ari bertsotan gustura, eta pentsatzen nuen puntu aldetik ere nahikoa atzean egongo nintzela. Orduan, kartzelakoan arriskatu egin nintzen, eta han ere poto egin nuen. Baina, justu, hirugarren sailkatuta pasatu nintzen finalera. Aurten, lehen aldiz, kanporaketa bat Zestoan jokatu da. Zer izan da zuretzat herrian bertan  abestea? Gustu handia izan da. Egundoko eguraldi ona egin zuen eta Realak ere jokatzen zuen, eta beldurra nuen huts samarra geratuko ote zen. Garai batean, Zestoa herri bertsozalea zen, baina zentzu horretan asko dago galduta. Halere, herritarrak animatu ziren eta aretoa bete samartu zen. Uste dut saio bat Zestoan jokatu izana baliogarria izan dela Erniarraitz Sariketa herritarrei ezagutzera emateko. Datorren urtean Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da. Parte hartzeko gogoz al zaude? Bai. Azken urteotan Gasteizen aritu naiz ikasten, baina aukera izan dudanean ere ez dut asmatu izan erregulartasunez eta seriotasunez bertso eskolara joaten. Alfer samarra naiz, eta etxean ere ez naiz sekula jarri  errimak-edo errepasatzen. Gipuzkoako Txapelketa datorren urtean dela kontuan izanda, gogoz nago eta nahiko nuke ahalegintzea. Nola bizi izan dituzu beste kanporaketak? Asteburutan Iraetako merenderoan aritzen naiz lanean, eta ez nuen izan joaterik. Zer garrantzia dute halako sariketek bertsolari gazteentzat? Niretzako aitzakia eta motibazioa dira bertsolariok geure artean elkartzeko eta pixka bat saiatzeko. Bertsotan egitea gustatzen zaigunok bi urte pasatu ditzakegu astero kantuan egiteko elkartzen, baina bost urte horretan ari bazara eta plazarik ateratzen ez bazaizu, eta zeure burua zertan estutu ez baduzu, erlaxatu eta motibazioa galtzen duzu. Horregatik, halako sariketek gazteentzat garrantzia dute. Aldiz, plazak lortzeko orduan ez dira baliagarriak. Izan ere, garai batean esan ohi zen Osinalde irabazten zuenak urtean plaza batzuk irabazten zituela. Gaur egun, ordea, Osinalde irabazten duenak ez du plaza bat bera ere lortzen. Atera kontuak, Gipuzkoako Txapelketako finalera iritsi diren pare bati ere entzun izan diet oso plaza gutxirekin dabiltzala. Uste dut Euskal Herrikora saltoa eman ezean edo bertsokera oso desberdina izan ezean, zaila dela plazak lortzea. Zein erronka jartzen diozu zeure buruari finalean? Kanporaketan ez nintzen halako sentipen onarekin aritu eta nire helburua da gaurko saioan gozatzea eta gozaraztea. Duela bi urteko finalean ere sufritu egin nuen. Bezperan, Gasteizen parranda pixka bat egin nuen, lo asko egin gabe joan nintzen eta gaizki aritu nintzen. Orain bi urte baino egoera hobean joaten saiatuko naiz. Gozatuz gero eta egindako lanarekin gustura geratuz gero, ez dago gehiago eskatzerik. Gero, beste norbaitek hobeto abesten badu eta azkena geratzen banaiz ba, tira. Aitor Bizkarrarekin, Aratz Igartzabalekin, Joanes Illarregirekin, Haritz Mujikarekin eta Eneko Araiztegirekin ariko zara kantuan oholtzan. Nolako saioa aurreikusten duzu? Saio bizi samarra izango da eta umore ukituak ez dira faltako. Aratzek badu umorerako sena, eta saioari txispa emango dio. Enekok berak ere bai. Bestalde, nik bi neska, behintzat, finalean izatea aurreikusten nuen: Eli Pagolak oso ondo abesten du, baita Maider Arregik eta Maialen Akizuk ere. Horiek finalisten artean izatea aurreikusten nuen. Niretzat oso maila parekatua dago txapelketan parte hartu dugun hemezortzi kideren artean, eta beraz, bakoitzak saio egunean izan duen eguna edo aldartea erabakiorra izan da aurrera edo atzera egiteko. Hori bai, finalean, normalean, egundoko giroa izaten da, eta gaztetxea leporaino betetzen da. Plaza gizona zara? Pertsona lasaia naiz, eta erraz erlaxatzen naiz. Askotan, jendaurrean aritu ezean neure buruari ez diot behar adina eskatzen eta neure onena ematea ez dut lortzen. Plazara joandakoan, jendearen presio horrekin, gehiago ematen dut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide