Zestoako Herri Kroseko aspaldiko irudi bat. (Zestoako Herri Krosa)
"Urteroko lana izan eta nahikoa menperatuta eduki arren, beti sortzen dira azken unean konpondu beharreko detaileak", dio Jone Iruretak (Zestoa, 1972). Zestoako Herri Krosa antolatzen duen taldeko kidea da bera, Lau Iturri elkartean Hitzarekin solasean aritzeko elkartu diren Antxelmo Astiazaranekin (Zestoa, 1958), Imanol Esnalekin (Zumaia, 1960) eta Pedro Cabanillasekin (Azkoitia, 1964) batera; Juan Mari Balentziaga, aspaldiko urteetan umeen zein helduen sari banaketaz "oso fin" arduratzen dena, da egungo taldeko bosgarren kidea.
Iruretak aipatutako azken orduko detaileetan murgilduta dabiltza, bai, antolatzaileak: eskatu dituzten sari guztiak garaiz jasotzeko telefono deiak, igandeko omenaldiaren xehetasunak, izen emateari gainbegirada... "Ohikoa da jendeak azken egunetarako uztea, baina aurtengo honetan, ez dakit ba", dio Iruretak.
Herrikrosa.eus webgunean bihar bukatuko da izena emateko epea, eta kiroldegiko lanak bukatu bitartean liburutegiko beheko solairuan egokitu duten kirol aretoan ere eman daiteke izena.
Lana, kezkak eta urduritasun puntua areagotzen joaten zaizkie antolaketa taldekoei urtero lasterketaren eguna gerturatzen doan heinean. Aurten, gainera, 40. edizioa beteko du herri krosak, eta are bereziagoa izango da hitzordua.
Omenaldia
Astiazaran da, egungo antolatzaileen artean, hasierako urteetatik jarraitzen duena. Gogoan du non eta nola sortu zen lasterketa martxan jartzearen asmoa: "Jexux Izeta Koiote hasi zen, beste hiru lagunekin, bere tabernako sukaldean, horrelako zerbait zergatik ez genuen antolatzen pentsatuta". Koiote zena, hasiera haietan ondoan izan zuen Jexux Goikoetxea Fati eta urtetan Zestoako Atletismo Taldean eta krosean buru-belarri aritutako Iñaki Irureta Triku –Joneren aita– omenduko dituzte, hain zuzen ere, igande honetan, 40. urtemuga dela eta. 12:30 bueltan hasi ohi den sari banaketa ekitaldiaren aurretik izango da omenaldi ekitaldia; aurtengo hitzordu berezia izango da.
1979ko San Jose egunez egin zuten estreinakoz krosa, eta harrezkero, hutsik egin gabe egin dute, urtero, data beretsuetan. San Jose eguna "Zestoan egun inportantea" izaten zela azaldu du Astiazaranek. "San Jose zen eskola, orain Kale Okerra bezala ezagutzen duguna San Jose kalea zen... Gu umeak ginela urtero egiten ziren lasterketak, jolasak eta, Kale Okerrean".
Gerora hartu zuen egun bereziki aldarrikatu nahi duten izaera herrikoia Zestoako Herri Krosak. Gaur egun, gainezka dago lasterketen egutegia, baina oso bestelakoa zen kontua 1970eko hamarkadaren azken urteetan eta 1980koaren hasierakoetan. "Lana ematen zuen antolatzeak, baina jendearen erantzuna ona zen. Ez zengoen hainbeste lasterketa, eta aukera paregabea zen Zestoa ezagutzera emateko. Eta errespetatu egiten zen, gainera: San Jose egunez Zestoan egiten zen lasterketa", dio Astiazaranek. Probaren izpiritua ere bestelakoa zen oso: irabazleak diru saria eskuratzen zuen, eta beste diru sari bat eskaintzen zuten, orduan 14 kilometrokoa zen ibilbidearen marka hobetzen zuenarentzat. Ondorioz, "jende ona etortzen" zela gogoratu du Astiazaranek, garai hartan atletismoaren munduan inguruetan puntan ibiltzen ziren korrikalariak. Horren adibide da, esate baterako, Diego Garcia azkoitiarrak ezarri zuela hasierako ibilbideko azken marka. Emakumeak, berriz, "ia ez ziren existitzen", nabarmendu du Astiazaranek.
Imanol Esnal, Antxelmo Astiazaran, Pedro Cabanillas eta Jone Irureta. (Mailo Oiarzabal)
Aldatzen, egokitzen
"Bultzada herrikoia" lotuta egon zen, antolatzaileen esanetan, emakumeen parte hartzearekin, eta herriko atletismo taldearen indartzearekin.
Gizartearekin batera joan da aldatzen lasterketa, eta egokitzen ere bai. Barne-eztabaida luze baten ondoren, duela urte gutxi hasi ziren izena emateagatik 5 euro kobratzen –lehen doan zen–; ez horrekin gastuak estaltzeko, baina bai "beti laguntza handia" ematen duten udalaren eta herriko merkatarien eta enpresa txikien ekarpena arintze aldera. "Antolaketa boluntarioa izan da beti. Orain, gu eta beste batzuk kenduta, lasterketa ustez herrikoiak negozio bat bihurtu dira, dirua egiteko makinak. Herrikoi bezala saltzen dituzte, eta lotsagarria da", deritzo Astiazaranek. Zestoan, igande honetan ere hamaiketakoa emango diete korrikalari guztiei, eta abegikor hartuko dituzte denak, herriko lasterketa herrikoian.
Garaikur eta elastiko bereziak, 40. urtemugarako
40. edizioa ospatzeko, garaikur bereziak prestatu dituzte. "Zestoan adierazgarria" den zerbaitetan oinarritzea nahi zuten, eta Zubimusuko Lau Iturriren irudia aukeratu dute, bai irabazleen garaikurrentzako, bai dominentzako; lasterkariek aurten jasoko duten elastikoan ere agertzen da.
Igandean, 10:15ean hasiko da atletismo festa Zestoan, umeen lasterketekin. Helduen proba 11:30ean hasiko da.