Aranetako ikazkina

Ainitze Agirrezabala 2018ko martxoaren 14a

Joseba Odriozola, txondorrarekin. (Ainitze Agirrezabala) Txondorraren barrenean mantso-mantso egosten ari den arte egurraren ke usaina nabarmena da oso Zestoako Araneta baserriaren atarira gerturatu ahala. Antzinan, txondorgilearena ezinbesteko ofizioa zen inguruotan ikatza lortzeko, baina urteen joanarekin desagertu den lanbidea da. Belaunaldi berriek, beraz, duela hiru hamarkada pasa Montxo Armendarizek zuzendu zuen Urbasako Tasio ikazkinaren bizitza jasotzen duen filmari esker ezagutuko dute arbasoena izan zen bizibide hura. Joan den ostiralean piztu zuten Aranetan txondorra, baina hura ketan jarri arte jarraitu beharreko prozesua “luzea” izan dela adierazi du baserriko seme Joseba Larrañagak (Zestoa, 1985). Urria bukaera aldera, hamabi tona arte egur ekarri zituen Mendarotik, eta geroztik “lan handia” egin behar izan du guztia prestatzeko. Abentura horretan, noski, laguntzaile onak izan ditu alboan. “Entzuna nuen Azkoitiko Jauregi baserriko Pello Eizagirre txondorra egiten aritutakoa zela, eta harekin jarri nintzen harremanetan. Laguntzeko prest agertu zen, eta hala, buruan nuen ideia gauzatzen hasi ginen elkarrekin”. Gero, sortzez Ezkurrakoa (Nafarroa) eta Zumaiako bizilaguna den Joakin Gartziarenak Odriozolaren asmoen berri izan zuen, eta hura ere maisu lanetan aritu da hilabeteotan. Zestoarrak kontatu duenez, “11 urterako hasi zen basomutil Gartziarena, eta bizitza guztia txondorrak egiten igaro zuen, Legazpiko Patricio Etxeberria fundiziorako ikatza ekoizten. Gaur egun, 82 urte ditu, eta zeharo hunkituta, begiak beteta aritu da lanean”. Odriozolak dio ikazkin ofizioaz “asko” dakitela azkoitiarrak eta nafarrak, eta “haiek esanda bezala” ari direla egiten guztia. “Gauzak behar bezala egiteko, dakienari egin behar zaio kasu. Haien laguntzarik gabe nire kapritxo hau egiteko ez nuen aukerarik izango”. Eizagirrez eta Gartziarenaz gain, Txanpaina eta Txamoia ere bidelagun izan ditu Odriozolak bere proiektuan. “Txondorraren harira ezagutu dugu elkar laurok, eta egundoko harreman polita egin dugu”. Parrilero Onenaren Saria Araneta erretegiaren jabe Joseba Odriozola zestoarrak irabazi zuen iazko urrian Donostia Gastronomika kongresuaren barruan banatzen duten Parrilero Onenaren Saria. Orduko hartan, Kursaalen jardunaldia antolatzeaz arduratzen den Bartzelonako enpresari baimena eskatu zion zestoarrak parrilan arte egurra erabiltzeko. Odriozolaren esanetan, “egurrik gogorrena eta bero gehien ematen duena da artea, oso sendoa, eta parrilan ere egur hura da gehien irauten duena”. Araneta jatetxeak 2015 bukaeran zabaldu zituen ateak, eta bi urtera eskuratu zuen parrilero onenaren izendapena Odriozolak: “Lanean jarraitzeko izugarrizko indarra eman zidan sari hark. Whatsappez a zer zorion mezu pila jaso nituen! Izugarria izan zen!”. Sukaldean eta parrilan bertako jatorriko elikagaiak erabili zalea da Odriozola, eta haren esanetan, “baratzeko letxugaren eta poltsakoaren artean aldea nabarmena bada, etxean ekoitzitako ikatzaren eta erositakoaren artean ere desberdintasuna izango da ba?”. Jakin-min horretatik abiatuta, ilusioa eta gogoa lagun, hasi zen zestoarra txondorra egiteko hariak mugitzen. Ikazkina, gauez eta egunez Aurreikusitakoa baino gehiago luzatu zaie txondorra egiteko jarduna Odriozolari eta laguntzaileei. “Gure asmoa zen lehenago piztea, baina eurite handiak eta elurra ere izan dira urtarrilean eta otsailean, eta lokatza egin zenez, atzeratu egin zitzaigun guztia”. Orain, ordea, txondorrari kea dariola ikusteak biziki pozten du Odriozola: “Ondo ateraz gero, parrilan ziur antzemango dela aldea. Artearekin erretako txuletek zaporea ere halakoxea dute, hobea!”. Gustuko lekuan aldaparik ez dela dio esaerak, eta hori neurri-neurrira datorkio Odriozolari.  Izan ere, orduak eta orduak eskaini dizkio txondorrari piztu aurretik eta ondoren, egunez ez ezik, gauez ere bai. “Lehenbizi lurra berdindu behar da, txondorra zuzen eraikitzeko. Ondoren, txondorraren tximinia izango dena egiten da, eta haren bueltan metro bateko luzera duten egurra jartzen da, bost-sei metroko diametroa osatu arte. Gero, zotalarekin estaltzen da, eta, bukatzeko, lurrarekin”. Guztira, hamabi tona egur daude txondorrean, baina Odriozolak ez daki zenbat kilo ikatz lortuko dituen. “Bi metro eta 60 zentimetro neurtzen zuen txondorrak piztu aurretik, baina egostean asko lermatzen da egurra, eta une honetan 1,80 metroko garaiera du. Gainera, haizetokia da Araneta ataria, eta egurra erre ez dadin gau eta egun gainean egon beharra dago. Bart, goizaldeko ordubatean eta lauretan jaiki gara Idoia bikotekidea eta biok txondorraren zuloak estaltzera”. Odriozolak adierazi du, “haize handiaren eraginez”, bi egunean egosi beharreko egurra bakarrean egosten ari dela, eta, beraz, uste dute datorren iganderako ikatza eginda egotea. “Beraz, gauzak ondo bidean, datorren astean, goizaldera hasiko gara ikatza ateratzen”. Bitartean, Araneta erretegiaren atarian postal ikusgarria dago bisitarien gozagarri. Hona hemen txondorraren prozesuko hainbat irudi:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide