GRI Castings enpresaren atarian egin dute protesta gaur. (LAB sindikatua)
LABeko eskualdeko industria arloko ordezkariek protesta egin dute gaur, asteartea, Zestoako GRI Castings enpresaren atarian, enpresako langileek bizi duten egoera azaleratzeko eta zuzendaritzaren "jukutria" salatzeko. LAB sindikatuak negoziaketa duinaren beharra aldarrikatu du, eta enpleguaren aldeko konpromisoak betetzea eskatu dio enpresaren zuzendaritzari.
TS Fundiciones itxi eta gero, 2016an hasi zuen ibilbidea GRI Castings enpresak, eta LABek esan duenez, "arazo berriak" agertu dira denbora aurrera doan heinean. Sindikatuaren arabera, enpresako zuzendaritzak Gipuzkoako hitzarmena hobetuko duen enpresa mailako akordioa negoziatzeko konpromisoa agertu zuen arren, urtebete darama "ezer negoziatu nahi izan gabe". Horri lotuta salatu du enpresako lan baldintzak hobetzearen inguruko eztabaidari ateak itxi dizkiola eta hartutako konpromisoei uko egin diela zuzendaritzak. Gainera, LABek esan du "malgutasunaren eta polibalentziaren aitzakian" langileen oinarrizko baldintzak adostu ziren herrialdeko hitzamena "nahieran" ari dela apilatzen enpresa. Horregatik guztiagatik "nahikoa" dela esan du sindikatuak.
Sindikatuak adierazi duenez, TS Fundiciones enpresan aritutako 40 langile ohitik gora ari dira egun GRI Castingesen lanean. Dena den, LABek esan du beste 45 bat behargin daudela lanean hasteko aukera iritsi zain. "Langile ohi horiek izan ziren TSrentzat proiektu bat egon zedin apustua egin zutenak, eta uste dugu zuzendaritzaren jarrerak ikaragarri luza dezakeela 45 langile horiek lanean hastea". Horri lotuta sindikatuak adierazi du lanpostuen sorrera erraztu dezaketen proposamenak ez dituela ezbaidatu nahi zuzendaritzak, eta salatu du horretarako markoa den negoziaketa "oztopatzen" ari dela.