Txapartegi nagusi izan da Mindegiaren kontrako aizkora apustuan

Urola Kostako Hitza 2018ko mar. 11a, 18:19

42 minutu eta 42 segundoko lanaren ondoren, sei ehuneneko alde estuarekin irabazi du aizarnarrak gaur eguerdian Donezteben (Nafarroa) jokatutako dema.

Luis Mari Txapartegi, iaz Zalduaren kontra jokatu zuen apustuan. (Ibon Errazu) Luis Mari Txapartegik ia esprintean irabazi du gaur Mieltxo Mindegiaren kontra Donezteben (Nafarroa) jokatu duen aizkora apustua. Ezkurra frontoia beteta ekin diote gogorra aurreikusten zen llanari zubietarrak eta aizarnarrak: zortzi kanaerdiko, lau 60 ontzako eta eta bi oinbiko enbor ebaki behar zituzten aizkolariek. Ia hiru ordu laurden behar izan dituzte biek lanak bukatzeko, 42 minutu eta 42 segundo. Izan ere, sei ehunenekoren aldea besterik ez dio atera Txapartegik Mindegiari, horrelako lan luzeen ondoren ez ohikoa izaten den alde ezin estuagoa. Aizkolari bakoitzak 4.000 euro zituen jokoan gaurko apustuan; horrela, 8.000 euroko diru saria lortu du Aizarnakoak. "Oso estua joan da, bai", aitortu du Txapartegik Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia saioan egin dituen adierazpenetan. "Hasieratik atera gara biok ahal den guztia ematera eta orpoz orpo ibili gara. Egur diferenteekin hasi gara lanean, bera kanaerdikoekin eta ni 60 ontzakoekin, eta erdi lanetan ikusi da oso berdinduta gindoazela. Gero ere horrela segitu dugu, azkenera arte, eta ikusteko apustu polita izan da. Suertea izan dut eta irabazi egin dut, baina gaur irabaz zezakeen biotako edozeinek", esan du Aizarnakoak. Apustuan ikusi den berdintasunaren arrazoia bi aizkolariak "prestaketa ona eginda" iritsi direlako eta maila ona eman dutelako izan dela uste du Txapartegik. Hain amaiera estua izanda, irabazi duen ala ez jakiteak ere lanak eman dizkio Txapartegiri. "Lagunek esaten zidaten nik irabazi dudala, baina hor balio duena da epaileen denbora", adierazi du irratian. Gaurko emaitza ikusita errebantxa izango al den galdetu diote. "Oso apustu txarra jokatzetik nentorren -Zalduaren kontra Azkoitian galdu zuena, orain urtebete-. Arantza hori neukan, eta aurten apustu hau egitearen arrazoi bat izan da neure buruari erakustea orduan baino lan hobea egin nezakeela. Ondo prestatu naiz eta irabazi egin dut. Hemendik aurrera, adinean aurrera ere banoa, horrek [Mindegiak] sasoi latza dauka eta ikusten da asko ari dela hobetzen, indarreko mutila dela. Baina, beno, sasoia daukadan bitartean segituko diot neuk ere poliki-poliki aizkoran".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide