Eneritz Arrietak Master Cupeko lehen mailako finalerdiak jokatzeko txartela lortu du, Patri Espinar bikotekide duela

Urola Kostako Hitza 2018ko martxoaren 11

Emakume Master Cup txapelketako lehen mailako binakako finalerdiak erabakitzeko azken bi pilota partidak jokatu dira gaur, martxoak 11, Zamudion (Bizkaia). Eneritz Arrieta pilotari azkoitiarrak aurrera egiteko txartela lortu du, Patri Espinar usansoloarra bikote dutela. Espinarrek eta Arrietak 18-14 irabazi dute Amaia Araiztegiren (Mallabia, Bizkaia) eta Maddi Mendizabalen (Zaldibia, Gipuzkoa) aurka. Hala ere, bikote galtzaileak finalerdietara pasatzea lortu du: 14 tanto lortuta, laugarren gelditu da. Gainera, zozketan, finalerdietan Espinarren eta Arrietaren kontra jokatzea egokitu zaie. Master Cup txapelketako lehen mailako eta promozio mailako finalerdiak datorren igandean (martxoak 18) jokatuko dituzte, 11:30ean, Oñatiko Zubikoa pilotalekuan. Orduan erabakiko dira finalerako bikoteak. Arrietak eta Espinarrek Araiztegi eta Mendizabal izango dituzte aurkariak. Nahiz eta igandean bikote horri irabazi, finalerdietako partidan gertatuko denaz ez dago ziur Arrieta: «Egunaren arabera edozer gerta daiteke. Baina, nahiz eta zaila izan, finalerako txartela lortzera joango gara». Euskal Telebistak zuzenean emango ditu finalerdietako lau partidak. Master Cup txapelketako lehen mailako finalerdietako binakako partidak honakoak izango dira:
  • Miren Larrarte-Maider Mendizabal eta Olatz Arrizabalaga-Leire Etxaniz.
  • Amaia Araiztegi-Maddi Mendizabal eta Patri Espinar-Eneritz Arrieta.
Emakume Master Cup eskuz binakako pilota txapelketako promozio mailako finalerdietako partidak ere martxoaren 18an jokatuko dituzte Oñatin. Kasu horretan, Urola Kosta eskualdeko hiru bikote daude sailkatuta. Hona hemen zozketa bidez egokitu diren partidak:
  • Alaitz Badiola (Azpeitia)-Oihana Orbegozo (Azpeitia) eta Maddi Unanue (Azpeitia)-Naroa Agirre (Arroa Goia, Zestoa)
  • Amaia Vicario (Donostia)-Ainhoa Urien (Abadiño, Bizkaia) eta Nagore Aramendi (Azpeitia)-Oihana Unanue (azpeitia)
 
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide