Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Emakumeen eskubideen aldarrikapenak inoiz baino oihartzun handiagoa ari dira izaten aurtengo Martxoaren 8an. Zestoan ere hala izan da eguerdi partean, Txoko Feministak gaurko deituta zituen mobilizazioen lehen hitzorduan. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira deitutako greba eta lanuzteei ordubeteko lanuztearekin erantzun diete Zestoan. 12:30etik 13:30era zegoen deituta emakumeen lanuzte hori, eta tarte bera hartu dute eguneko lehen mobilizazioa egiteko.
Dozenaka lagunek erantzun diote plazan elkarretaratzea egiteko deiari, eta tamainako erantzuna ikusita, mobilizazioa kalez kale egitea erabaki dute antolatzaileek, trikitilariak buru hartuta. Haiei jarraituz, Milaka arrazoi ditugulako... Gaur emakumeok planto! zioen pankartaren atzetik 200dik gora lagun ibili dira, gehienak emakumeak, plazan hasi eta plazan txalo artean bukatu den mobilizazioan.
Baina eguerdikoa hasiera besterik ez dela izan ekarri dute gogora antolatzaileek. Parte hartu duten guztiei eskerrak ematearekin batera, 19:30ean berriro plazan elkartzera gonbidatu dituzte, ordu horretan hasita egingo dutelako aurtengo ekitaldi nagusia Zestoan, bideo proiekzioarekin, eguneko irakurketarekin eta argazkia atereaz, trikiti musikarekin girotuta. 21:00etan, berriz, emakumeen afaria izango dute Gurutze jubilatuen elkarteko tabernan, eta horrekin agurtuko dute aurtengo Martxoaren 8a.
Hauek dira Zestoan gaur eguerdiko mobilizazioan hartutako irudiak: