Aitor Bizkarra bertsotan, igandean Zestoan jokatu zuten kanporaketan. (Eneritz Artetxe)
Igandean jokatu zuten sei bertsolarik IX. Erniarraitz Txapelketaren hirugarren eta azken kanporaketa, Zestoako Kultur Etxean. Epaimahaiak hala erabakita, Aitor Bizkarra (Abadiño, Bizkaia, 1996) izan zen nagusi, 240 puntu batuta. Saioa irabazita, zuzenean sailkatu zen Bizkarra martxoaren 16an, ostiralez, Azpeitiko Gaztetxean izango den finalera. Azken kanporaketa irabazteaz gain, jokatu dituzten hirurak kontuan hartuta puntu gehien batu dituen bertsolaria izan da Bizkarra.
Igandeko saioan bigarren Haritz Mujika sailkatu zen (233 puntu), hirugarren Aitor Salegi zestoarra (231,5), laugarren Jon Ander Iriondo azpeitiarra (212), bosgarren Xabi Igoa (211) eta seigarren Peru Abarrategi (205). Dozenaka bertsozale izan zen saioaz gozatzen Zestoan.
Hirugarren kanporaketa saio horretan aritu ziren hiru bertsolari sailkatu dira finalerako: Bizkarra, Mujika eta Salegi. Guztira, 18 bertsolarik parte hartu dute Erniarraitz bertsozale elkartearen aurtengo txapelketan, eta saioen irabazleak nahiz kanporaketetan puntu gehien lortu dituzten beste hiru bertsolariak honako hauek dira, eskuratutako puntuen hurrenkeran: Aitor Bizkarra (240 punturekin irabazi du hirugarren kanporaketa), Aratz Igartzabal (236 punturekin lehen kanporaketa irabazi zuen, Azkoitiko Kultur Etxean), Joanes Illarregi (235 puntu), Haritz Mujika (233 puntu), Aitor Salegi (231,5 puntu) eta Eneko Araiztegi (bigarren kanporaketan nagusitu zen, 229,5 puntu lortuta, Errezilgo Borondegin).
Horrenbestez, txapelketan parte hartu duten eskualdeko lau bertsolarietatik bakarra izango da finalean: Aitor Salegi zestoarra. Oier Etxeberria, Jon Gurrutxaga eta Jon Ander Iriondo azpeitiarrek, aldiz, ez dute lortu azken saiorako txartelik.
Gaztetxean aritzeko gogoz
Zestoako saioa irabaztearekin bat zekien Bizkarrak finalean kantatuko zuela, baina atzo arte ez zekien bera izan dela Azpeitiko azken saioan aritzeko txartela lortu duten sei bertsolarietatik puntu gehien batu dituena. Horrek finalerako "presio apur bat gehiago" eragin diezaiokeela onartu arren, hilaren 16ko hitzordurako gogotsu dago Abadiñokoa.
Zestoako saioari dagokionez, kontzentrazioari eusten asmatu zuelako "pozik" azaldu da Bizkarra: "Normalean, gehien kostatzen zaidana da zentratuta egotea, eta igandean lortu nuen une oro jausi gabe eustea. Gero, momentu hobeak eta ez hain onak izan nituen, baina positiboena izan zen kontzentrazioari eustea".
Aurtengoa du lehen aldia Abadiñokoak Erniarraitz Txapelketan. Finalean sartzeak ez ezik, finala Azpeitiko Gaztetxean izateak "ilusioa" pizten dio. "Orain dela hilabete eskas ere saio bat eduki nuen bertan eta nahikoa plaza erakargarria da niretzat, lagunak dauzkadalako han eta giro polita egoten delako. Gipuzkoako Gaztetxeen Topaketak dira justu egun horietan eta ez dakit lagun denek etortzerik izango duten, baina gogotsu nago Azpeitian aritzeko", azaldu du.