Emakume Master Cup eskuz binakako pilota txapelketako promozio mailako final-laurdenak jokatu zituzten atzo, Markinako pilotalekuan (Bizkaia). Lau partida jokatu zituzten guztira, eta eskualdeko hiru bikote sailkatu ziren finalerdietara: Alaitz Badiola eta Oihana Orbegozo bikote azpeitiarrak, Maddi Unanue azpeitiarrak eta Naroa Agirre zestoarrak eta Nagore Aramendi eta Oihana Unanue azpeitiarrek egin dute aurrera.
Antolatzaileen arabera, "partida oso onez" gozatzeko aukera izan zuten frontoian elkartu ziren dozenaka lagunek. Badiola eta Orbegozo azpeitiarrek 18-12 egin zuten Gentzane Aldai eta Izaskun Martinen aurka; Unanue azpeitiarrak eta Agirre zestoarrek emaitza berarekin amaitu zuten Araitz Eizagirre arroarraren eta Naroa Elizalderen aurka; azkenik, Aramendi eta Unanue azpeitiarrek 18-8 amaitu zuten saioa. Hurrengo fasera sailkatu diren bikoteek martxoaren 18an jokatuko dituzte finalerdiak, Oñatin.
Joan zen hilean hasi zen txapelketa, eta bi mailetan ari dira jokatzen partidak: lehenengo maila eta promozio maila. Lehenengo mailan lehiatzen ari da Eneritz Arrieta azkoitiarra, eta maila horretako final-laurdenak datorren asteburuan jokatuko dituzte, Zamudion. Finala martxoaren 25ean izango da, Eibarko Astelena pilotalekuan.