Bihar, osteguna, herrialde ugaritako 22 errezeta biltzen dituen Sukaldea liburuaren aurkezpena egingo dute 18:00etan, Zestoako Lau Iturri elkartean. Proiektua Emausen Besarkadak proiektuaren barruan gauzatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Lankidetza Zuzendaritzaren laguntzarekin. Hain zuzen ere, lana gizarte kohesiorako laborategi baten emaitza dela azaldu dute proiektuaren sustatzaileek, eta azaldu dute Urola Kostako hiru herritan gauzatu dutela lana. Brasilgo, Marokoko, Nikaraguako, Siriako, Euskal Herriko eta beste hainbat txokotako herritarrek gauzatu dute proiektua Orion, Zarautzen eta Zestoan. Emaus gizarte fundazioak eta Lakari kooperatibak koordinatu dute lana, eta herri bakoitzean herrialde desberdinetako herritarren topaketak egin dituzte elkarte gastronomikoetan. Sukaldean aritzea aitzakia hartuta herritarrek beren bizipenak elkarbanatu dituzte jardunaldietan. Gainera, saioa bukatzeko prestatutako jakiak dastatu ahal izan zituzten proiektuan parte hartu duten lagunek. Laborategia errezeta liburuarekin bukatuko dela azaldu dute proiektua zuzendu duten eragileek, eta haiek jakinarazi dutenez, 150 liburu argitaratu dituzte. Liburu horiek aurkezpenera bertaratzen diren herritarrei banatuko dizkiete. Gainera, esperientzia berritzaile horretan eman dituzten urratsak biltzen dituen dokumental bat ere egin dute, "sukaldaritza gizarte kohesiorako aitzakia" dela azaltzeko. "Aniztasunak urrundu ordez aberastu egiten gaitu, egiaztapen hau Besarkadak proiektuaren konstanteetako bat da".