Altuna y Uria hilabete baino lehen hasiko da Arroabeko eskola berria eraikitzen

Zestoako Hitza 2018ko otsailaren 22a

Eusko Jaurlaritzako kontratazio mahaiak aste honetan sinatu du Altuna y Uriarekin eskola berria eraikitzeko akordioa. Enpresak hilabeteko epea du lanak egiten hasteko, eta urtebeteko epea horiek bukatzeko. Sakulupe guraso elkarteak espero du 2019ko apirilerako eskola berria eraikita egotea.

Iaz Arroabean egin zuten Eskola Txikien Festan eraikin berria aldarrikatu zuten. (Ihintza Elustondo) Sakulupe guraso elkarteak jakinarazi duenez, Arroabeko eskola berria eraikitzeko bidean, zenbait pauso eman dituzte aste honetan. Eusko Jaurlaritzako kontratazio mahaiak elkarteari adierazi dio aste honetan sinatu duela akordioa Altuna y Uria S.A. enpresarekin. Behin kontratua sinatuta, enpresak hilabeteko epea dauka eskola berria eraikitzen hasteko, eta urtebeteko epea lanak hasi eta bukatzeko. "Ondorioz, 2019ko apirilerako espero dugu eraikin berria prest egotea", azaldu du Sakulupe elkarteak. Zestoako Udalak joan den urteko urrian egin zituen eraikin berria egiteko beharrezkoak diren azpiegitura lanak. Guraso elkarteari orduan esan zieten urtea amaitu aurretik hasiko zirela eskola berria eraikitzen, baina Sakuluperen esanetan, "tamalez" atzeratu egin dira lan horiek. 2014an hasi zen Sakulupe elkartea eraikin berria aldarrikatzen. 2015ean Eusko Jaurlaritzarekin bilerak egin  zituzten, eta plangintza bat aurkeztu zieten. Bertan, 2017aren amaierarako eskola  berria eginda egotea aurreikusten zen. Dena den, atzerapenak pilatzen joan dira. Hala ere, elkarteak espero du ezarri berri duten epea "behin betikoa" izatea. "2019ko apirilerako eskola berria izango dugulakoan, pozez jarraituko dugu aurrera".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide