Zestoako rock mugimenduaren 50. urteurrena ospatzeko prestatzen hasi dira

Urola Kostako Hitza 2018ko otsailaren 14a

Leok'k taldea sortu zutela mende erdi beteko da aurten, eta urteurren horren harira Rock Astea egin nahi dute abuztuaren 25etik irailaren 1era. "Izan ziren eta eta egun diren herriko rock talde guztiei" eskainiko diete parte hartzeko aukera.

Leok'k taldeko kideak, hasierako urteetako argazki batean. (Leok'k) 2018an beteko dira 50 urte Zestoan Leok'k sortu zutenetik, euskarazko rockaren aitzindarietakoa izan zen taldea. Urteurren hori aukeratu du taldearen izena daraman Leok'k Musika kultur elkarteak, hain zuzen ere, herriko rock mugimenduaren mende erdiko historia ospatzeko. Horretarako, abuztuaren 25etik irailaren 1era egingo den Rock Astea 2018 ari dira antolatzen, udalaren laguntzarekin, eta "izan ziren eta eta egun diren herriko rock talde guztiei" eskainiko diete parte hartzeko aukera. Bideo emanaldi bat, argazki erakusketa bat, mahai-inguru bat eta kontzertuak izango dira Zestoan udako aste horretan, eta herriko rock talde bakoitzak zertan parte hartu nahi duen zehazteko eta jakinarazteko, "ekitaldi batean zein bestean edo denetan", epea ezarri dute antolatzaileek. Horrela, maiatzaren 15a baino lehen jakinarazi beharko dute parte hartu nahi duten taldeek, zerekin eta nola parte hartu nahi duten. Emanaldiak, Laranjadi plazan Taldeek aurkeztutako bideokin osatutako bideo emanaldiarekin hasiko da Rock Astea, abuztuaren 25ean; Laranjadi plazan izango da emanaldi hori, 23:00etan. Abuztuaren 29an, berriz, argazki erakusketa irekiko dute udaletxeko pleno aretoan; bideo emanaldia bezala, taldeek utzitako materialarekin osatu nahi dute erakusketa. Abuztuaren 30ean, berriz, mahai-ingurua egingo dute udaletxe azpian. 19:00etan hasita, eta moderatzaile batek gidatuta, talde ezberdinetako kideek beren "esperientziak, bizipenak, garai desberdinen arteko konparaketak, herriko Gaztetxearen eragina eta abar plazaratzea" da antolatzaileen asmoa. Rock Astearen azken txanpan, abuztuaren 31n eta irailaren 1ean, iritsiko da zuzeneko musika emanaldien txanda. Lehen egunean, garai bateko zein gaur egungo Zestoako taldeen eskutik etorriko den rock jaialdia izango da. Eta astea ixteko, bi osagai nagusi izango dituen rock ospakizuna prestatu dute irailaren lehen egunerako: batetik, Leok'k taldeak bere 50. urteurrena ospatuko du egun horretan, taldearen disko berria aurkeztuz: Infinituari segika; bestetik, eta gaua borobiltzeko, Grises taldeak kontzertua emango du. 23:00etan hasiko dira emanaldiak bi egunetan, eta Laranjadi plazan izango dira bi hitzorduak. Historia jasotzeko, argitalpena Baina Zestoako rock mugimenduaren mende erdia ospatzeko egitasmoak ez dira udako Rock Astearekin amaituko. Izan ere, aste horretan egingo diren ekitaldietako taldeek aurkeztuko duten materialarekin, "bideo, argazki, idatzi eta abarrekin", Zestoako rock mugimenduaren historia jasoko duen argitalpen bat plazaratu nahi du Leok'k Musika kultur elkarteak. Oraindik ez dute zehaztuta elkartekoek aldizkari bat edo liburuxka bat aterako duten, baina Zestoako rockaren orain arteko historia "herritarren eskura uzteko" nahia adierazi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide