Bertsotan hasteko prest

Mailo Oiarzabal 2018ko ots. 13a, 10:52

Zestoan hasiko da, ostiralean, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa. Orion jokatuko da hirugarren kanporaketa, martxoaren 2an. Bertso-afari formatuan egingo dituzte saioak.

Azpeitiko Soreasun jokatu zuten 2017ko finala. (Mailo Oiarzabal) Ostiralean jarriko da martxan Gipuzkoako Eskolarteko XXXVIII. Txapelketa, eta Zestoan izango du lehen hitzordua, Lau Iturri elkartean. Izan ere, bertso-afari formatuan egingo dituzte bat-bateko txapelketari dagozkion saio guztiak, apirilaren 2an Lasturren jokatuko den finala barne. Azken saio horren aurretik bost kanporaketa jokatuko dituzte, eta horietako bi eskualdean izango dira: Zestoakoa, eta martxoaren 2an Orioko Aldapa elkartean jokatuko dutena. Guztira, 14 eta 18 urte bitarteko 27 gaztek parte hartuko dute aurtengo Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan; tartean izango dira Urola Kostako hainbat bertsolari. Iker Ormazabal Ojeda, Malen Elizasu Manterola, Oihana Labiano Sorazu, Bittor Zubiagirre Anduaga, Maider Garmendia Jauregi eta Imanol Albizu Gurrutxaga dira Zestoako saioan ariko direnak. Otsailaren 23an, Oñatiko Larrain-Gain elkartean, Oier Ibarzabal Otaegik, Jon Azpiroz Anzak, Aitor Tatiegi Loidik, Haizea Arana Cardenalek, Joane Aldalur Irazustak eta Iker Letamendia Barandiaranek kantatuko dute. Orion lehiatuko dira Igauri Lopetegi Amostegi, Aimar Sorazu Roteta, Itziar Mendia Urrutia, Uxue Alkorta Iturbe eta Josu Ibarguren Elosegi. Martxoaren 9an, Ereñotzuko Ur-Mia elkartean, Ekain Tolaretxipi Erraztiren, Kepa Galparsoro Munduateren, Oihana Arana Cardenalen, Aner Peritz Manterola Euzkitzeren eta Julene Iturbe Epelderen txanda iritsiko da. Araitz Sagarna Larrañaga, Xabier Agirre Bikuña, Eider Iturralde Agirre, Hodei Munduate Etxeberria eta Maddi Aiestaran Iparragirre dira, berriz, martxoaren 16an Anoetako Kuku elkartean egingo den azken kanporaketan kantatuko dutenak. Kanporaketa saio guztietarako sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean eros daitezke; saioa den asteko ostegun eguerdira arte egongo dira eskuragarri. Idatzizkoa ere bai Bat-bateko saioak ez ezik, idatzizkoak ere jokatuko dituzte Gipuzkoako Eskolartekoan. Zortzi saio egingo dituzte guztira, azken biak eskualdean: martxoaren 15ean Azpeitiko Soreasun eta 16an Orioko Ikastolan. Hasteko, gaia eman eta bertsoak sortuko dituzte gaztetxoek. Segidan, bertso saio didaktikoaz gozatu ahal izango dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide